Oñatiko udala

3. fasea: BALORATZEA

Proposamenak baloratzea udal barnean egingo den ariketa da, bi urratsetan.

Ordezkari politikoek lehen balorazio bat egingo dute, adostasun politikoz aurretiaz zehaztu diren irizpideak betetzen ez dituzten proposamenak erretiratu edo baztertuz.

Balorazio politikoa maiatzeko azken astean egingo da, leheneste fasearen aurretik.

Behin herritarrek proposamenak lehenetsita, aurrera egiten duten proposamenak teknikarien eskuetara pasako dira eta udaleko sail bakoitzak bere arloko proposamenen bideragarritasuna baloratzeko tartea izango du.

Balorazio teknikoa ekaina erdialdetik iraila bukaera arteko epean egingo da.

Proposamenak kanporatzeko irizpideak:

Balorazio fasean zehar erretiratu edo baztertu egingo dira irizpide hauek betetzen ez dituzten proposamenak:

  • 2018ko udal aurrekontuan aurreikusita daudenak, edo dagoeneko egiten direnak.
  • Kudeaketaren zerikusia duten proposamenak, aurrekontu zehatz bat ez dutenak. 
  • Partaidetzazko Aurrekontuak 2019-2020 prozesuaren epealdia gaindituz urte anitzeko gastuak dakartzatenak.
  • Udalaren eskumena ez diren proposamenak (Foru Aldundiarenak, Eusko Jaurlaritzarenak, etab.). 
  • Beste erabakigune bati dagozkion proposamenak (Mankomunitatea).
  • Prozesura bideratutako zenbatekoak erraz gaindituko dutela aurreikusten direnak. 
  • Lege araudiaren kontrakoak.
  • Pertsona edo erakunde zehatz bati bati bakarrik onura egingo diotenak, interes orokorraren alde egin gabe.
  • Teknikoki egingarriak ez diren prozesuak.

Kanpoan utzitako proposamenen arrazoiak eta onartutako proposamen guztien balorazioak publiko egingo dira.

 

Bideragarritasun teknikoa

Udaran zehar udaleko teknikariek ekainean herritarrek lehenetsitako 66 proposamenak baloratu dituzte eta hauen bideragarritasun teknikoa aztertu dute.

Balorazioaren ostean 66 proposamenetik 38k jarraituko dute aurrera prozesuan. Gainontzekoak arrazoi ezberdinak tarteko kanpo geratu dira:

  • batzuk bideragarriak ez direlako;
  • beste batzuk dagoeneko 2018 urteko udal aurrekontuetan txertatuta daudelako;
  • beste batzuk udalari ez dagokiolako erabaki horiek hartzea;
  • edo hasieran adostutako 120.000 €-ko aurrekontua gainditzen dutelako.

Proposamen bakoitzaren balorazio tekniko zehatza hemen kontsultatu ahal izango da.