Oñatiko Emakumion Kontseilua
Oñatiko Emakumion Kontseilua udal politika publikoetan parte-hartzeko eta eragiteko espazio feminista egonkorra da. 2018an ekin zion ibilbideari, eta urtez urte bide propioa urratzen joan da, norabide argi batekin: politika publikoen eredu tradizional androzentrikoa gainditu, eta, ikuspegi feministatik, eredu justu eta parekideagoetarantz trantsitatzeko eragile aktibo izatea.
Oñatiko Emakumion Kontseiluaren jarduna Udalaren eta kontseiluaren arteko aldebiko konpromisoan oinarritzen da. Horrela, harremanaren oinarri gisa, bi norabideetan adostutako konpromisoak eta betebeharrak ezarri dira, helburu dutenak politika publikoen diseinu eta kudeaketa-modu berrietan urratsak ematea eta bestelako erabaki eta eztabaida guneei bide egitea. Lankidetza publiko sozialaren logikan eratu da, udalaren mendeko organoen ohiko estutasunetik urrunduz, eta horregatik espazio autonomo, malgu eta libre gisa aitortzen da, eta udalaren eta herritarren arteko harreman moldeetan eraldaketa dakar.
Norbanako gisa parte hartzen dute gaian interesa duten herritarrek Oñatiko Emakumion Kontseiluan, eta Oñatiko Emakumion Kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua arautzeko ordenantzaren bidez arautzen da bere jarduna.