Herritarrek parte hartzeko programa

Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntualari buruz, Lurzoru Urbanizaezineko Babes Bereziko- eta Nekazaritza eta Abelazkuntzarako Zonetan erauzketa erabileren inguruan

  1. Aurrekariak
  2. Arau esparrua
  3. Helburuak
  4. Gida

 

Aurrekariak

   Eusko Legebiltzarraren Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 84.4 eta 108. artikuluak eta lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. eta 26. artikuluak betez, Hiri Antolaketarako , Lurzoru Urbanizaezineko Babes Bereziko- eta Nekazaritza eta Abelazkuntzarako Zonen erabilera onargarriei buruzko Arauen aldaketa puntuala egiteko, izapidetzeko eta onartzeko prozesuan jarraitu beharreko Herritarren Partaidetzarako programa hau idatzi da.

   Kontuan hartu behar da herritarren parte hartzerako programa hau oso egoera zehatzean abiatuko dela. Izan ere, berau idazten ari den unean –2021 urteko uztaila– Covid-19ak eraginda aurrekaririk gabeko osasun mundu-larrialdia dago 2020az geroztik. Larrialdi egoerak eta haren ondoriok zuzenean eragiten diote herritarren partaidetzari, eta ekarri dute birpentsarazi behar izatea zein diren herritarren parte-hartzea ahalbidetzeko moduak, espazioak edota eta bitartekoak, bizi dugun egoera aldakorrera eta ziurgabetasunera egokitu ahal izateko. Plangintzan ez ezik, herritarren parte-hartzeko aukeretan errealetan eta aldartean ere eragina izan du aipatu larrialdiak.

   Horrenbestez, plangintza honen exekuzio momentuko aginduen eta aukera errealen menpe egongo dela aurreikusi behar da. Baliteke, beraz, plangintza egokitu eta malgutu behar izatea osasun-baldintzak bermatzeko.

 

Arau esparrua

   7/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, urriaren 30ekoak, Lurzoruari eta Birgaitzeari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 5.e) artikuluan xedatzen du herritar guztiek eskubidea dutela lurralde-antolamenduko edo hirigintza-antolamendu eta hirigintza-exekuzioko edozein tresna egiteko eta onartzeko prozeduretan eta horien ingurumen-ebaluazioko prozeduretan benetan parte hartzeko eskubidea, alegazioak, oharrak, proposamenak, erreklamazioak eta kexak eginez. Era berean, administrazioak erantzun arrazoitua eman beharko die administrazio horren araubide juridikoa eta prozedura arautzen dituen legeriaren arabera.

   Bestalde, Eusko Legebiltzarraren ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoak, 8. artikuluan herritarren partaidetzaren printzipioa arautzen duenez, ezartzen du hirigintza-antolamendua formulatu, izapidetu, onartu eta betearaziko dela, pertsona fisiko edo juridikoek, beren forma guztietan, parte har dezaten bultzatuz eta erraztuz, lege honetan berariaz aurreikusitakoak bermatuz.

   Aipatutako 2/2006 Legeak 84.4 artikuluan xedatzen duenez, dagokion hirigintza-plana edo -tresna formulatzeko erabakian, edo, hala badagokio, hura izapidetzeko eskumena duen administrazioan aurkeztutakoa onartzeko izapidean, beharrezko neurriak eta jarduerak zehaztuko dira administrazio-koordinazioa eta herritarrek parte hartzeko programa sustatze plana egin, izapidetu eta onartzeko prozesuan.

   Era berean, 2/2006 Legearen 108. artikuluak Plan Orokorren izapidetzean herritarrek parte hartzeko programa arautzen du, eta ezartzen du egiturazko antolamenduko edozein plangintza-figura formulatzen, aldatzen edo berrikusten hasteko udal erabakiarekin batera herritarrek parte hartzeko programa bat egon beharko dela, eta, bertan, udalerriaren ezaugarrien arabera, herritarrei eta elkarteei parte hartzeko aukera emateko behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko direla.

   Horrez gain, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluak berariaz arautzen du herritarren parte-hartzea lurralde eta hirigintza-plangintzaren izapidetzean, eta honako hauek ezartzen ditu:

1. Lurralde-antolamenduko edo egiturazko hirigintza-antolamenduko edozein figura formulatzen, berrikusten edo aldatzen hasteko erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, partaidetza programa bat aurkeztu beharko da, eta bertan ezarriko dira herritarrek eta elkarteek parte hartzeko duten eskubidea ahalbidetzeko behar adina helburu, estrategia eta mekanismo.
2. Herritarrek parte hartzeko programa hori laburbilduta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean, administrazio publiko sustatzailearen arabera; informazioaren teknologia berrien bidez zabalduko da, eta, gutxienez, parte hartzeko mekanismo hauek jasoko ditu:
    a) Partaidetzarako gida bat, non herritarrek parte hartzeko prozesuaren jarraibideak eta edukiak deskribatuko diren, bai eta nondik norakoak ere. Gida horretan, gainera, parte hartzeko prozesuaren abiapuntu izango diren edukien laburpena jasoko da.
    b) Jendeari irekitako saioak, ekimenaren edukia eta espedientea izapidetzean aurkeztutako balizko alternatibak azaltzeko.
    c) Dibulgazio-materiala, legez eskatutako dokumentuekin batera prestatu beharrekoa, errazago zabaldu eta ulertzeko.

 

Helburuak

   Herritarrek parte hartzeko programaren oinarrizko helburua da herritarrei aldaketaren proposamenaren edukia eta norainokoa ezagutaraztea, eta aldaketaren gainean duten iritzia Udalbatzari jakinarazteko mekanismoak ahalbidetzea.

   Programaren bidez honako helburu zehatzak bilatzen dira:

  • parte hartzeko eskubidearen eta eskubide hori erabiltzeko moduaren berri ematea.
  • aldaketa egitean informazioa eskuragarri jartzea.
  • parte-hartzea bideragarri egitea, informazio- zein eta iritziak, proposamenak edo ekarpenak egiteko bideak jarriz.

 

Gida

   Herritarren Partaidetza Planaren faseak Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntuala osatuko duten dokumentazioan eta epeetan oinarrituta modulatzen dira.

   Programa honek ez du esparru finkoa izan nahi, are gutxiago gaur egungo egoera aldakorrean. Programaren edukien ardura aldaketaren idatziko duen lantaldearena izango da, eta udaleko partaidetza eta garapen komunitarioko arloaren laguntza izango du.

   Jarraian, aldaketa puntuala egiteko faseak azaltzen dira, bai eta parte hartzeko prozesuaren gida gisa erabiliko diren aurreikusitako partaidetza-ekintzak ere.

   Parte hartzeko programak ez du baztertzen aldaketa puntuala jendaurrean jartzea, aldaketan bertan ezarritako irismenarekin eta martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Jendaurrean jartzearena tramite independentea izan arren gida honetan txertatu da.

   Aldaketa puntualaren irismen mugatua kontuan hartuta, parte-hartze programa hasierako onarpenaren aldian kontzentratuko da.

  1. fasea: aldaketa puntualaren hasierako onespenaren aurretik, aurreikusten dira:
  • Hiri Antolaketarako Arauen aldaketa puntualari ekiteko osoko bilkuraren erabakiaren batera herritarrek parte hartzeko programa onartuko da, martxoaren 24ko 46/20020 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
  • Dokumentuaren dibulgazio agiriak zabalduko dira Udalaren ohiko bitartekoak erabilita:
    • Kontzejupetik udal aldizkarian aldaketa puntualaren nondik norakoen berri emango da.
    • Dokumentazioa eta laburpen exekutiboa Udalaren web orrian argitaratuko dira, errazago aztertu ahal izateko.
    • Espedientea bertatik bertara ikusi ahal izango da. Hala nahi dutenek Hirigintza Departamentuari telefonoz edo idatziz eskatu ondoren emanen zaien hitzorduaren arabera egin ahal izango dute.
  • Jendearentzako azalpen saio bat egingo da, eta amaieran galdera-iritzien erronda irekia zabalduko da. Deialdia sare sozialen eta prentsa bidez zabalduko da.
    Honako hauek osatuko dute saioa gidatzeaz arduratuko den talde teknikoa: Herritarren Partaidetzako eta Garapen Komunitarioko arloko arduradunak, Hirigintza Saileko arduradunak eta Ingurumen Eraginari buruzko txostena idazteaz arduratuko den pertsonak.
    Hasierako onespenaren aurretik ekarpenak egiteko bidea irekiko da. Ekarpenak egiteko modua zein izango den azalduko da.
    Hasierako onespenari alegazioak formalki egiteko modua zein izango den azalduko da.
  • Aldaketa puntualari ekarpenak egiteko tartea zabalduko da, email edota weborriaren bidez.
  • Hirigintzako Aholku Kontseiluaren saioa egingo da, aldaketa puntuala azaldu eta kontseiluak bere iritzia emateko. Nahitaezko txostena idatziko da.
    Honako hauek osatuko dute saioa gidatzeaz arduratuko den talde teknikoa: Herritarren Partaidetzako eta Garapen Komunitarioko arloko arduradunak, Hirigintza Saileko arduradunak eta Ingurumen Eraginari buruzko txostena idazteaz arduratuko den pertsonak.
    Hasierako onespenari alegazioak formalki egiteko modua zein izango den azalduko da.
  1. fasea: aldaketa puntualaren hasierako onespenaren ostean
  • Aldaketa puntualaren hasierako onespena egingo da osoko bilkuran eta jendaurrean jarriko da hilabetez.
    Hasierako onespenaren iragarkia Aldizkari Ofizialean, Udalaren web orrian eta lurralde historikoko egunkarietan argitaratuko da, baita jendaurrean egoteko aldiaren deialdia ere.
  • Espedientea bertatik bertara ikusi nahi dutenek Hirigintza Departamentuari telefonoz edo idatziz eskatu ondoren emanen zaien hitzorduaren arabera egin dezakete.
  • Aldaketa puntualari buruzko alegazioak aurkeztu ahalko dira bide formaletik, udal erregistroaren bidez.
  • Alegazioen gaineko txostena idatziko da.

 

Herritarrek parte hartzeko egindako programaren egiaztapena, jasotako ekarpenak eta laburpen-txostena espedientean sartuko dira.