Ohiko galderak
Nork har dezake parte?
Proposamena Oñatin bizi den edonork egin dezake.
Bozkatzeko, Oñatin erroldatua eta 16 urtetik gorakoa izan behar da.
Zer behar da parte hartzeko?
Ez da ezagutza berezirik behar parte hartzeko.
Zure egunerokoan herriko zerbitzuak, azpiegiturak eta baliabideak erabiltzen dituzu. Erabilera horrek herria ondo ezagutzera eramaten zaitu eta ezagupen horrek, aldi berean, gure herriak dituen beharrak identifikatzeko gaitasuna ematen dizu.
Nola har dezaket parte?
Partaidetzazko Aurrekontuetan hainbat modutan parte har dezakezu:
- Proposamenak eginaz.
- Proposamenak lehenetsiaz.
- Botoa eman eta proposamenak erabakiz.
Norberak erabakitzen du prozesuarekiko inplikazio maila eta fase guztietan parte hartu ala ez.
Zenbat diru jartzen da herritarren eskura eta nola banatuko da?
Udal aurrekontuak bi alderdi ditu: gastuen atala eta diru-sarrerena. Partaidetzazko prozesu hau gastuen atalera mugatzen da.
2023 eta 2024 urteetako aurrekontuetarako 500.000 € erreserbatu ditu Oñatiko Udalak. Horregatik, proposamenak ezin izango dira denboran luzatu eta 2025 edo hurrengo urteetako gastuetan sartu.
Zer proposa dezaket?
Premia zehatzei aurre egiteko alor askotariko proposamenak egin daitezke: kultura, mugikortasuna, ingurumena, berdintasuna, hirigintza, gazteria, kirola, …
Baldintzak
Proposamenek bete beharreko baldintzak:
- Udalaren eskumenekoa izatea.
- Bi urtean exekutatzeko modukoa izatea eta egiturazko gastu nabarmenik ez ekartzea.
- Interes orokorra izatea eta onura publikoa ekartzea.
- Bideragarritasun teknikoa eta juridikoa gainditzea.
- Gastua 200.000€-koa baino handiagoa ez izatea.
- Aurretik planifikatuta ez egotea edo dagoeneko exekuzioan ez egotea.
- Baztertu aztertu egingo dira orokorregiak diren proposamenak eta propositiboak ez direnak.
Proposamenak aztertzeko momentuan, Udalak proposamenak multzokatuko ditu beren ezaugarrien arabera, betiere premia zehatzei aurre egiteko badira:
Inbertsioekin zerikusia duten proposamenak.
Udalak eraiki, eraberritu edo eros dezakeena eta denboran iraun dezakeena da inbertsioa.
Adibidez:
o Lehendik dauden ekipamendu publikoak edo azpiegitura publikoak birgaitzea, eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea edo hornitzea.
o Neurri txikiko ekipamenduak eraikitzea (kirol-pistak, puntu berdeak).
o Espazio publikoak berrezartzea eta hobetzea.
o Azpiegiturak eta hiri-altzariak.
Inbertsioak ez diren gastuekin zerikusia duten proposamenak
Bestelako proposamenak ere egin ditzakezu, betiere urte batean gauzatu badaitezke, denboran luzatu gabe.
Adibidez:
o Ikastaroak, ekitaldiak, kanpainak, jarduera bereziak …
o Azterlanak edo ikerketak egitea.
o Adibideak: diagnosia, jarduketa-planak, txosten teknikoak, kanpo-aholkularitzen kontratazioa, etab.
Baztertzekoak:
Baztertu egingo dira proposamen hauek: langileak kontratatzeari buruzkoak (plantillak handitzea, plantillaren ordutegiak …), zerbitzu berriak sortzeari buruzkoak (aholkularitza, laguntza, jarduera programagarriak, sentsibilizazio- edo prestakuntza-programa jarraituak, etab.), bekak, diru-laguntzak, hitzarmenak (ikasketengatiko bekak, erakundeekin hitzarmenak, laguntzak eta diru-laguntzak handitzea edo berriak sortzea, etab.) edo ekipamenduen eta azpiegituren alokairuei buruzkoak.
Nolakoa izan behar du nire proposamenak? Nola idatzi behar da?
Hizkuntza erraza erabiliz deskriba ezazu proposamena, zure hitzak erabiliz, ez duzu zertan hitz teknikorik erabili. Baina saiatu proposamen zehatz bat egiten eta ahalik eta informazio gehien ematen, baloratzeko eta lehenesteko errazagoa izango baita.
Proposamenaren egilearen kontaktua uzteko eskatzen dugu, proposamenarekin zerikusia duen kontsultaren bat edo zalantzaren bat argitu behar denerako.
Ez da beharrezkoa kontaktua ematea, baina argibideren bat behar izatekotan ezingo gara zurekin harremanetan jarri eta proposamena albo batera utzi behar izatea gerta liteke.
Zenbat proposamen egin ditzaket?
Ez dago mugarik. Norberak nahi beste proposamen egin daitezke.
Elkarte edo talde batek egin dezake proposamena?
Proposamenak norberaren izenean edo elkarte edo talde baten izenean egin daitezke, baina proposamen guztiek balio bera dute.
Nora jo dezaket zalantzak argitzeko edo arazoak baditut?
Udaletxean galdetu dezakezu, edo 943 78 04 11 edota 010 (Oñatitik) telefonoetara deitu (126 luzapena markatuta, zuzenean hartuko zaitugu) edo partaidetza@onati.eus helbidera idatzi.
Zeintzuk dira gogoan hartu beharreko datak?
Egutegia:
- Proposamenak egin: maiatzak 6 – maiatzak 27
- Proposamenak lehenetsi: maiatzak 30 – ekainak 17
- Proposamenak aztertu: ekainak 20 – irailak 16
- Proposamenak bozkatu: azaroan
Fase bakoitzaren ostean publiko egingo dira emaitzak.