Zumeltzegi dorretxea
Gaintxo estrategiko batean kokatua dago Zumeltzegi, herria mendean hartzen duela. Horretarakoxe eraiki baitzuten XIII-XIV. gizaldietan Oñatiko jaun ziren Gebaratarrek: Arabatik hona etortzen zirenean, euren egoitza ofiziala izateko eta urtean zehar eurek izendatutako alkate nagusiaren bizilekutzat, alegia.
Ahaide Nagusien arteko gatazken ondoroiz Gaztelako erregeak jauntxoen dorretxeak erdiraino botatzea agindu zuenean, batzuk libratu egin ziren eta horien artean Oñatiko hau. Nahiz eta XIX. mendetik aurrera baserri gisa erabiltzen den, oraindik mantentzen du Zumeltzegik Erdi Aroko hainbat ezaugarri: ia hamabost metroko altuera duen lauki karratua da; gainera jatorrizko horma sendoak, harlanduzko ate gotikoa Gebaratarren harmarriarekin eta saietera batzuk garbi ikusten dira. Bestealde XVI-XVII. mendeetako elementuak ere ageri dira barneko aldean, hala nola, leihoak, beheko sua edota ganbarako zurajea. Eraikin hau probintzia mailako ondare artistiko, historiko eta arkitektonikoari dagokion zerrendan dugu 1964. urteaz geroztik.
J.E. 2001
322/1998 DEKRETUA, azaroaren 24koa, Oñatiko Zumeltzegi Dorrearen izendapen espedientea, Monumentu gisa, sailkatutako Kultura Ondasun moduan Euskal Kultur Ondarearen Legearen, hau da, uztailaren 3ko 7/1990 Kultur Ondareari buruzko Legearen zehaztapenetara egokitzeko dena.
Gaur egun eraikina hotela da.