Oñatiko auzoak
Oñatik 16 baserri-auzo ditu herriguneaz gain.
Oñatik udalerriak 108,2 kilometro koadroko azalera du eta Gipuzkoako udalerririk zabalena da. Herriguneaz gain, beste 16 baserri-auzo ere baditu: Arantzazu, Araotz, Uribarri, Lezesarri, Urrexola, Murgia, Olabarrieta, Berezao, Garagaltza, Goribar, Zañartu, Torreauzo, Garibai, Santxolopeztegi, Zubillaga eta Larraña.
Auzorik gehienak baserrigune txikiak dira, 100 biztanletik beherakoak.
Garrantzitsuenen artean, Arantzazu aipatu beharra dago. Arantzazuko santutegia auzoko ikur nagusia da, Euskal Herri osoko mailan erreferentziazko lekua izan dena eta dena. Besteak beste, euskara batua sortu zuten bertan 1960ko hamarkadan, eta eraikinari dagokionez Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea eta beste artista batzuen lana ere oso azpimarratzekoa da. Halaber, auzoa ohiko abiapuntua da Urbia aldera eta Aizkorrira igotzeko, bai eta Aloñako mendilerrora iristeko ere. Bestelako txangoak egiteko ere aukera ematen du.
Arantzazurako bidetik abiatuta, Araotzera helduko gara. Araotz ere garrantzi handiko auzunea izan da, gaur egun biztanlegoa galtzen ari den arren. Bertan dago Arrikrutzeko koba ezaguna, 2007. urtetik publiko orokorrarentzat ikusgai dagoena.
Oñatiko auzoen artean izaera bereziena duenetako bat da Araotz
Araotz auzune txikiago hauek osatzen dute: Elizondo, Ugaran, Zubia, Madina, Araotz Urruti, Araozta, Agerre, Aizkorbe, Uriarte, Jausoro eta Gerneta. Auzoaren ingurune natural ederra oso menditsua da, ohiko abiapuntua izanda Orkatzategi, Aumategi eta Andarto tontorrera eta Deguria aldera igotzekoa. Bestela, aipatzekoak dira haitzean egindako leiho handia, Aitzulo izenekoa, Sandailiko edo Artixa errekako urtegitik gertu dagoena, eta Santa Krutz edo Ugastegiko baseliza. Lope Agirre (1510-1561) esploratzailea eta militarra aditu batzuen ustez Araotzen jaio zen, kontua guztiz argi ez dagoen arren. XX. mendean, aipatzekoa dugu Primi Erostarbe (1907-1995) pandero jolea, auzoan jaiotakoa eta Donostian bizi izandakoa.
Arantzazurako bidean, Araoztik gertu, Uribarri aurkituko dugu, hau ere baserri-giroko auzunea. eta Aloñako mendilerroaren magalean kokatuta dago eta horixe da horko tontorretara igotzeko ohiko abiapuntua. Gaur egun 90 biztanle inguru ditu.
Herriaren beste muturrena, aldiz, Arrasaterako bidean, beste bizpahiru auzune ere aurkituko ditugu Oñati ibaiaren ertzetan, besteak beste, Garibai eta Zubillaga. Horien artean Zubillaga auzoa da handiena (250 biztanle) eta industrigune ezaguna dago bertan.
.............................................
Informazio gehiago Oñatiko historiaz eta ondareaz