OÑATIKO EMAKUMION ETXIA - Parte-hartze prozesua
Oñatiko emakumion etxiaren parte-hartze prozesua egitasmoaren eraikuntza kolektiborako ariketa bat da. Udala, herritarrak eta herriko eragile eta talde feministen arteko dialogoa oinarri, proiektua bere oinarritik eta izan asmo duenetik pentsatu, eztabaidatu eta adosteko ariketa bat. Egitasmoak ezarritako denbora pausatua geure alde baliatu dugu, eta gogoetarako, hitz egiteko, eztabaidatzeko, zalantzak partekatzeko, probatzeko, desbideratzeko eta bideratzeko aukera eman digu prozesuak. Eta horri probetxua ateratzen ahalegindu gara.
PROZESUAREN NONDIK NORAKOAK
2022 urtean ekin genion parte-hartze prozesuari, baina ez ginen hutsetik hasten. 2018ko partaidetzazko aurrekotuetatik abiatuta, 2020an diagnostikoa egin genuen: 45 emakume elkarrizketatu genituen, egitasmoarekin loturiko begiradak, beharrak, nahiak, usteak, gatazkak eta bestelakoak mahaigaineratu asmoz. Diagnostiko horretan oinarrituta eta Oñatiko Emakumion Kontseiluaren laguntzarekin, egitasmoa jasoko zuen espazio egokiaren bila abiatu ginen. Kalezaharreko 13. zenbakiko eraikina erosi zuen Udalak, eta haren eraberritze lanei eman zien hasiera.
Eraberritze lanak abiatuta, egitasmoaren parte-hartze prozesua irudikatzen hasi ginen. Lehen unetik behar nagusi bat mahaigaineratu zen; Udalak berak oinarri sendo bat eskaintzeko beharra. Herritarrei argi adierazi nahia zein bermerekin, baldintzatan eta oinarriren gainean eraikiko den egitasmoa. Ez zen orri txuri bat aurkezten. Badaude muga batzuk; beti daude, nahiz eta askotan ez diren adierazten. Muga eta aukera guztiak argitasunez prozesuaren hasieratik adierazteak erabakiak eta eztabaidak errazten lagundu zezakeelako uste sendoarekin eman genuen lehenengo urrats hori.
Udalbatza osatzen zuten alderdien artean adostuta, hasierako planteamendu bat aurkeztu zen 2022ko urrian eginiko topaketan. Oñatiko Emakumion Etxiaren egitasmoaren helburuak, oinarriak eta proiektua baldintzatuko zuten faktoreak jarri ziren mahai gainean. Hala, joko arauak adostu eta prozesuari hasiera eman genion.
Beste herrietan egiten ari zirena ezagutzea izan zen hurrengo urratsa. Bi autobuskada bete genituen, eta inguruko egitasmoak ezagutzera irten ginen. Han ikusitakoak eta entzundakoak herritarrekin partekatzeko lan saio bat egin genuen bueltan.
Hala, aukera guztiak mahai gainean eta zalantza pila batekin, sustraietatik hasi ginen lanean: Etxearen oinarri teoriko partekatua. Udalak mahaigaineratutako lau zutabeak definitu genituen denon artean: feminismoa, intersekzionalitatea, ikuspegi ahalduntzailea eta ikuspegi komunitarioa. Honekin, guztiok hizkuntza berean hitz egiteko oinarria ezarri zen. Hurrengo urratsetarako zorua sendotzen hasi zen.
Etxearen erabilerez eta barne banaketaz aritu ginen gero, plano artean murgilduta. Etxean gertatzea nahi genuen hori definitu genuen denon artean eta emakumeen etxearen barne banaketa, espazioak eta erabilerak zeintzuk izango ziren marraztu genuen. Hasi ginen geure buruak etxe barruan imajinatzen; geroz eta errealagoa zen.
2023ko udazkena iritsi zen, eta ideiak lurreratzen joateko beharra jarri genuen mahai gainean. Zer izan gura du emakumeen etxeak? Zer egingo da eta nola? Eta etxearen xedea, ikusmira eta balioak definitu genituen, bai eta etxeko jarduera eta zerbitzuak ere. Nork, nola eta zertarako erabiliko zuen etxea. Lur hartu zuten helburu eta teoriek, eta hasi ginen etxearen izatekoa eta egitekoa kokatzen eta mamitzen.
Baina hau guztia nola egingo dugu? Zein modutan eta nortzun artean?, galdetzen genion orain geure buruari. Eta gobernantza eta kudeaketaren inguruko lan saioak egin genituen. Oñatiko Emakumion Etxian parte hartzeko moduak, gobernantza eta kudeaketa eredua, eta antolaketa modua adostu genituen, etxearen zergatiari eta zertarakoari sostengua emateko. Hasierako proposamen bat, probatzen hasteko.
Ateak oraindik ireki ez dituen arren, 2024-2025 ikasturtean hasiko gara hitzetan zehaztutakoa aurrez aurre probatzen, lan taldeak sortzen, harremanak sendotzen... Egitasmo partekatu bat eraikitzen.