Kudeaketa eta gobernantza III
Parte-hartze prozesuaren saio ezberdinen baitan lan asko egin dugu eta, orain arteko ekarpenak jaso, ordenatu eta hartutako erabaki guztien ondorio gisa, Udalak proposamen bat landu du. Proposamen hori prozesuko parte-hartzaileekin eztabaidatu eta kontrastatzeko aukera izan genuen pasa den larunbatean.
Batetik, etxearen egutegia, ordutegia eta baliabideak landu genituen. Bertan adostasun, desadostasun edo ñabardurak adierazteko aukera izan genuen. Ondoren, aurreko saioan abiatu genuen parte-hartze moduen eta helburuen inguruko ariketa osatu genuen.
Kudeaketa eta antolaketaz aritu ginen jarraian. Kokudeatutako espazio bat izango dela argi daukagun arren, kudeaketa partekatu hori antolatzeko modu ezberdinez aritu ginen. Antolaketa eredu kolaboratibo baterako formula posibleak mahaigaineratu ziren, baita proiektuarekiko babes politikoa bermatzeko baliatu daitezkeen formula ezberdinak ere. Eta aukera guztiak mahai gainean, Oñatiko emakumion etxiaren kudeaketa eta antolaketa eredua marraztu genuen.
MAIATZAREN 29an aurkeztuko dugu proiektua. Bertan, prozesuan parte hartu dugunok orain arte hartu ditugun erabaki eta ondorio horiek aurkeztuko ditugu eta, etxearen lanek irauten duten bitartean lanean jarraitzeko sortuko ditugun egiturak aurkeztuko ditugu.
Ez galdu, beraz, maiatzean egingo dugun aurkezpena! Abiatzera goaz eta!