Oñatiko udala
Gobernantza eta kudeaketa
2024/02/24

Kudeaketa eta gobernantza I

Gobernantza eta kudeaketa lantzeko lehenengo saioa izan zen pasa den larunbatean egindakoa. Askotan nahasten diren kontzeptuak izanik, biak bereizteko eta lantzeko beharra nabarmendu zen.
Card image cap

Modu laburrean azalduta, gobernantza litzateke nola kudeatu erabakitzea eta kudeaketa, gobernantzan erabakitako ideia horiek gauzatzea.

Eta gaiari ekiteko, etxearen erabileraz eta erabiltzaileez aurreko saioan egindako lanketa ekarri zuten mahaigainera. Zein zerbitzu bai, zein ez, espazioen lagapena zein baldintzatan egingo den... Horretarako baldintza eta oinarriak idatzita jartzearen beharra nabarmendu zuten eta, edozein ekimenen aurrean, ados agertu ziren parte-hartze prozesu honetan adostutako oinarri eta balioekin bat egin beharko dutela.

Ondoren, taldekako ariketa batean, etxeak izan behar dituen zerbitzu edo jarduera bakoitzak kudeaketari lotutako zein funtzio izan beharko lukeen zehazteari ekin zioten: Ekonomia eta finantza, juridikoa eta administrazioa, proiektua zaindu eta behatzea, harrera eta harremanak, informazioa eta aholkularitza, sustapena eta bidelaguntza, komunikazioa eta sozializazioa edo indarkeria jasaten duten emakumeen arreta koordinatzeko protokoloa.

Ariketaren ostean, hiru galderei erantzun behar izan zieten. Batetik, zer argitu zien ariketak. Bestetik, zein kezka sortu zitzaien ariketa egin ondoren. Eta, bukatzeko, ea zein berme izan behar dituen etxeak kudeaketa hori modu jasangarri batean posible egiteko.

Parte-hartzaileek adierazi zuten ariketak argi uzten duela kudeaketaren konplexutasuna, barne komunikazio argi baten eta lantalde bat edo batzuren beharra eta, kudeaketa garaian funtzio ezberdinak kontuan hartu beharko direnez, giza profil ezberdinak beharko direla, lan banaketa argi batekin. Kezkak ere azaleratu zituzten: egitura malgu baten beharra, lan konkretu batzuetarako profesionalen beharra, harrera funtzioa zehaztearen beharra edo epe motz eta luzerako plangintzen beharra, besteak beste. Eta guztia bermatzeko, koordinazioa, erantzukizun eta babes politikoa eta baliabide ekonomiko eta pertsonalak ezinbesteko jo zituzten.

Eta hori guztia nola antolatu? Hurrengo saioa, Kudeaketa eta Gobernantza II deitu dioguna, martxoaren 16an izango da eta saio honetan landutakoari jarraipena emango zaio: kudeaketa hori nola antolatzen den, gobernantzan eta kudeaketan nork eta nola parte hartzen duen... Beti bezala, lan saioa irekia izango da, edonork har dezake parte, aurreko saioetan parte hartu edo ez.

photo1708946786 (1).jpegphoto1708946786 (4).jpegphoto1708946787.jpeg