Etxiaren izena eta antolaketa erabakitzen

Kaixo, lagun!
Kale Zaharra 13 etxean obrak hasi dira eta urte amaierara arte iraungo dute eraikitze lanek. Hiru solairuko Etxian denondako eta denerako tokia egongo da: elkartzekoa, egotekoa, osatzekoa, jabetzekoa eta ospatzekoa. Emakume, neska, ez-bitar, trans, gizon, mutil, gazte zein persona nagusiei irekitako Etxia izango da Emakumion Etxia. Eta horretarako lanean ari gara: Emakumion Etxia Eraikitzen prozesuan elkarrekin pentsatzen ari gara.
Ildo horretan, urrrats sendoak eman ditugu ikasturte honetan. Horiek partekatzeko eta zenbat gai eztabaidatzeko bilera orokorra egin genuen apirilaren 4an. 20 lagun batu ginen eta hiru zereginetan jardun ginen: lehenik, lan-talde bakoitzak azken hilabeteetan egin duen lana partekatu zigun; bigarrenik, Etxiaren antolaketa eta gobernantza eredu proposamena partekatu zen. Hirugarrenik, Etxiaren izenaren gaineko gogoeta egin genuen.
Etxiaren izena
Etxiari izena jartzeko zereginean murgilduta dago bisionariak taldea. Izenak izan beharreko irizpideak partekatu zituzten, batetik, eta talde txikitan eztabaidatu egin zen, bestetik:
- Emakumiona, feminista ala biak izendatu behar ditugu?
- Etxia, plaza, gunea edo nola egingo diogu erreferentzia espazioari?
- Izen propiorik izan behar du? Zein?
Gogoetan partekatutakoarekin Bisionaria taldeak proposamena egingo du eta ekaineko Topagunean aurkeztuko da.
Gobernantza eta antolaketa eredua
Soziokraziaren printzipioak oinarri hartuta osatu dugu Etxiaren eredu propioa: gardentasuna, efizientzia eta horizontaltasuna aintzat hartuko dituen sistema izango da eta honako elementuak izango ditu:
- 5 zirkulu izango dira. Erabakiak hartzeko, gaiak aztertzeko eta pentsatzeko eremuak dira zirkuluak. Gobernantak, bisionariak, zubigileak, programatzaileak eta kohesio eta elkarbizitza taldeak
- 3 azpi zirkulu izango dira. Zeregin konkretu bati lotutako jarduna izango dute. Etxekoandreak, Bidelagunak eta Saltserak
- Udalak parte hartuko du gobernantza eta kudeaketan. Bi etxeko teknikari izango dira, udal-langileak, etxearen kudeaketaz arduratuko direnak.
- Etxekideen arteko kohesiorako, elkarbanatzeko eta ondo pasatzeko Topaguneak antolatuko dituzte.
Zubigile taldea Etxiaren kanpo harremanetaz arduratzen da: Oñatiko zein eragile eta kolektiborekin harremandu nahi dugun pentsatzen dihardute eta irudikatu nahi dute Etxian eragile horiek parte hartzeko zein osagai behar ditugun.
Bisionaria taldea Etxiari epe luzeko begiradarekin begiratzen dio. Etxiaren izenak izan beharreko osagaien inguruan gogoeta egin dute, besteak beste.
Gobernanta taldea koordinazioaz eta estrategiaz arduratzen da. Etxiaren antolaketa eta gobernantza eredua lantzen aritu da; proposamenak jasotzen ditu zein izango diren erabaki eremuak eta nola koordinatuko diren. Kudeaketa eta gobernantza bereiziko dituen eredua da: kudeaketa Udalaren ardura izango da eta gobernantza, berriz, Udalaren eta etxekideen artekoa izango da. Eredu berritzailea izango da eta soziokrazian inspiratzen da.
Programatzaile taldea hasi da Etxiaren irekiera irudikatzen: Etxia herri guztiari irekiko da eta horretarako, askotariko behar eta interesei erantzungo dien programazioa onduko du.
Saltsera taldeak, azkenik, ekintzan jartzen du indarra. Martxoak 8ko mobilizazioan parte hartu zuen eta datozen hilabetetan adin ezberdinetako emakumeen eta eragile feministen arteko harremanak saretzeko erronkari heldu nahi dio. Ekaineko topagunean giroa sortzeaz ere arduratuko dira.
Kohesio eta elkarbizitza taldea etxekideen eta etxeko erabiltzaileen arteko harremanak, kohesioa eta gatazkak kudeatuko dituzte. Horretarako, elkarbizitza kodeak eta gatazken kudeaketarako irizpideak landuko dituzte. Sortzeke.
Bidelagunak bizitzako etapa horretan, aldaketa garaian, zailtasun momentutan, behar duen horri akonpainamendua eskainiko diete bidelagunek. Sortzeke.
Etxekoandreak etxearen parte izateko modu bat gehiago izango da; etxeko programazioan parte hartu, etxean egon, etorri berriei harrera egingo diete; finean, etxea biziko dutenak izango dira. Sortzeke.
Izan Etxekide
Lan taldeetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herriko emakumeak; elkar trukerako, ikasteko, ahalduntzerako espazio interesgarriak dira. Pausoz pauso, Etxia guztion artean eraikitzen ari gara. Zu ere parte izatea nahi dugu. Interesa baduzu, zure tokia aurkitu nahi baduzu edota Etxiaren inguruko zalantzak, kezkak, badituzu, deitu edo idatziguzu: berdintasuna@onati.eus 688 78 52 47
Izan parte!