Elkarren berri jakin eta aurrera begirako erronkei heldu die parte-hartze prozesuak
Lehenengo pausotan dabiltza taldeak, irizpideak zehazten, norabideak finkatzen... Programa zehazten dabiltzan Programatzaileek, esaterako, xede-taldeak eta ildo estrategikoak ezagututa, etxeko egitaraua herriko gainerako eragile eta ekintzekin nola harremanduko den pentsatzen dihardute, kolektibotasuna eta boteretzea sustatuz, etxeari ikusgarritasuna eman nahi diote, espazio publikoa hartzeari uko egin gabe.
Etxearen eta etxetik kanpokoaren arteko harremanak eraikitzen dabiltza Zubigileak, eta pasa den urtearen bukaeran herrian zabaldutako galdetegiaren erantzunen berri eman zuten. 80 erantzun jaso dira, gehienak zalantzak galdetuz edo proposamenak eginez, ea zer egingo den etxean, nori zuzendua dagoen... Datozen asteetan zalantza horiek argitzeko bideak topatzeari ekingo diote.
Etxearen inguruan sortu daitezkeen dinamika eta iniziatibak aurrera eramateko, saltserak leudeke. Etxeak emango die horretarako tarterik, baina bitartean ere badute ekarpena non egin. Martxoaren 8ari begira jarri dira momentuz.
Bestalde, luzerako begiradarekin, ideia berriak, eztabaidak eta deserosotasunak mahaigaineratzeko lanean dabiltza Bisionariak. Talde honetan udal ordezkaririk ez egotea erabaki da eta orain Etxekoandre eta Bidelagun rolak definitu eta teorizatzeko erronka hartu dute. Emakumeen etxeak izango duen izena zehazteko beharra ere ekarri zuten talde zabalera, eta lanketa hori nola egin proposatuko dute.
Azkenik, etxearen antolaketaz eta baliabideez pentsatzen dabil Gobernanten taldea; nola antolatuko den, arautegirik beharko duen... eta, zentzu horretan, datorren urtarrilaren 31rako herriko eragile guztiei irekita egongo den formazio pilula bat proposatu dute: "Talde-antolaketa horizontala: Soziokrazia eta beste eredu batzuk". Hitzaldi formatuan, hurbilketa teorikoa egingo da egun horretan. Otsailak 1, larunbat goizez, aldiz, prozesuan parte hartzen ari garenontzat tailer praktikoa egingo dugu.
Gogoratu taldeetan parte-hartzea irekia dela eta edozein zalantza izanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezkela berdintasuna@onati.eus edo 688621213 zenbakian.
Hurrengo bilera orokorra, berriz, apirilaren 4an izango da, 17:00etan, Eltziako hirugarren solairuan.