Oñatiko udala
Etxearen barne antolaketa
2023/05/31

Barne antolaketa II

Oñatiko emakumeen nahi eta beharrak planoetan marrazteari ekin dio Emakumion Etxia Eraikitzen parte-hartze prozesuak.
Card image cap

Emakumion Etxiaren parte-hartze prozesu osoan zehar landutako eta barne antolaketa erabakitzeko lehenengo saioan jasotako nahi, behar eta eskaeretatik, espazioen proposamen ezberdinak ekarri ditu Juntura arkitekto taldeak bigarren saiora.

"Zer nahi duzu gertatzea Emakumion Etxian?" galderatik abiatuta, eskaera batzuk adostu ziren pasa den saioan. Eskaera horietan oinarrituta, pribatutasun maila ezberdinak eta etxearen erabileran egon daitezkeen modu edo sekuentzia ezberdinak irudikatu dituzte arkitektoek. Hala, etxearen behe solairua espazio irekiena bezala proposatu dute eta solairuak igotzen joan ahala, pribatutasuna handitzen joatea.

Bost egoeretara egokitu dute etxea: Zerbitzua jasotzera joatea (lege aholkularitza, tratu txarren artapena, aholkularitza psikologikoa...), informazio bila, jendearekin topatzera, ekitaldi bat ikustera eta tailer edo ikastaro batean parte-hartzera.

Egoera bakoitzak eskatzen duen pribatutasun edo irekitasuna bermatzeko, bi sarrera planteatu dituzte. Aita Madina kaletik bata, pribatuagoa eta intimitatea bermatuko duena, eta Kale Zaharretik bigarrena, irekiagoa, etxeak eta kaleak bat egiten duten eremu moduan. Horrela, zerbitzua jasotzera datorren emakume bat Aita Madina kaletik sartuko litzateke, ate diskreto batetik, egoera delikatuen aurrean moldagarria den altzari batekin, eta inork ez ikusteko moduan artatuko litzateke, bertatik hirugarren solairura bideratuz, eskilaretatik edo igogailuarekin, pribatutasun gehien daukaten bulego edo espazioetara.

Aldiz, jendearekin topatzera doazenen kasuan, Kale zaharreko sarreratik sartuko lirateke eta bertan topagune handi bat egongo litzateke, publikoa, ondoren sukalde edo office batera sarbidea duena eta, jarraian, egoteko leku lasaiago bat, etxeak duen altuera aldaketan armailak jarriz, puffak...

Lehen solairuan, berriz, akustikoki egokitutako espazio bat egongo litzateke, eta gela balioanitz ezberdinak, diafanoak eta zatitu daitezkeenak, moldagarriak. Helburua ez baita erabilera bakarreko gelak sortzea. Hemen egingo lirateke ekitaldi txikiak, Jabetze eskolak, tailerrak...

Proposamenaren gainean, egokitzapenak

Bigarren saio honetan ekarpenak egin dituzte parte-hartzaileek. Egokitasunak baloratu, lehentasunak finkatu, faltan sumatutakoa eskatu eta oraindik eztabaida sortzen duten gaiak edo "patata beroak" identifikatu, hala nola, sorkuntza gune baten beharra, sukaldearen ekipamendua, bi atek kudeaketan zein eragin izan ditzakeen, teilatupeari zein erabilera eman edo eragile feminista ezberdinek materiala uzteko edo euren jarduna gauzatzeko beharko luketen azpiegitura eta kudeatzeko modua.

Orain Juntura arkitekto taldeak ekarpen horiekin guztiekin beste proposamen bat egokituko du eta ekainaren 21ean aurkeztuko du Eltziako hirugarren solairuan, 18:00etan. Oñatiko Udaletik adierazi dute, beharrezko ikusten bada eta parte-hartze prozesuak hala eskatzen badu, saio gehiago egingo direla guztia zehazteko.

IMG_5244.JPG
IMG_5229txiki.jpg
IMG_5237txiki.jpg