Emakumion etxia errotzen
Zer esan nahi dugu Oñatiko emakumion etxia feminista, komunitarioa, intersekzionala eta ahalduntzailea izango dela diogunean? Lau oinarri horiek definitzeko mahai-ingurua egin dute parte-hartze prozesuaren baitan, etxearen sustraiak finkatzeko eta guztiok “kode berdinean” hitz egiteko.
Emakumion Etxia Eraikitzen parte-hartze prozesua errotze fasean murgildu da dagoeneko. Bertan, definitze eta erabakitzeari ekingo zaio uda bitartean egingo diren saioetan. Mahai-inguru batekin eman diote hasiera. Bertan, Oñatiko Udaleko parte-hartze teknikaria den Onintza Andres Arancetak, Bidez Bide elkarteko Soraya Ronquillo Peñak eta Olatz Dañobeitia Ceballos, Gipuzkoako Foru Aldundiko parte-hartze teknikariak hartu zuten parte.
Izan ere, duela urtebete lau ideia jarri ziren Emakumion etxia izango denaren oinarrian, “Lau zutabetan oinarritzen den ekipamendu publiko bat izango da Oñatiko Emakumion Etxia. Baina ikusi dugu definitzea falta zaigula zertaz ari garen kontzeptu horietako bakoitza aipatzen dugunean. Oinarri bat behar dugu klabe berdinean hitz egiteko. Eta ikusiko dugu zer definituko dugun gaur, zer prozesuan zehar eta zer urteetan zehar, etxearen jardunarekin batera”, egin zuen sarrera Jone Arriolabengoa Berdintasun teknikariak.
Feminista, komunitarioa, intersekzionala eta ahalduntzailea dira elkar gurutzatzen diren lau erroak. Bidez Bideko Sorayak nabarmendu zuenez, “begirada intersekzionalaren indarguneetako bat da zapalkuntza guztiak ikusarazten dituela, eta gizarte-eragile gisa aitortzen gaituela helmugako gizarte honetan”. Eta gaineratu zuen egun etxeko lanetan ari diren emakume migratu horiek emakumeen etxean parte hartzea ahalbidetuko duen baliabideak behar ditugula.
Komunitateaz eta ahalduntzeaz aritu zen Olatz Dañobeitia. “Adituek diote azken 40 urteetan komunitatea desegiten joan dela. Beti esaten da izaki sozialak garela, naturaz elkarrenganako bizi garela. Baina aldiz, mundua antolatu diguten moduan, autosufizientzian oinarritzen da. Bakarrik ahal dut eta bakarrik konpon naiteke. Kontrako balioak ikusten ditugu hor”. Eta norberaren ahalduntzetik komunitatearen boteretzerainoko ibilbidea marraztu zuen: “Batetik ahalduntzea daukagu, norberak gaitasunak lantzea; hurrengo urratsa da jabetzea, ikustea norberak dituen zailtasun horiek ez direla norberaren errua, ondorio estrukturalak direla; eta, hirugarrena da boteretzea, guztiok elkartu eta gauzak aldatzen saiatzea”.
Onintza Andresek azaldu zuen udal politikek eragin zuzena izan dezaketela komunitatea indartzen edo ahultzen eta, zentzu horretan, admnistrazioak ardura duela harremanak ahalbidetzeko aukerak eskaintzen. “Askotan ez ditugu gure bizilagunak ezagutzen, etxeak horrela sortuta daudelako, garajetik zuzenean etxeko atera sartzeko. Horregatik dira beharrezkoak parkeak, plazak, ekipamendu publikoak… harremanak behar ditugu eta erraztu egin behar ditugu”. Komunitatea babesteko eta harremanak errazteko ahaleginean, ekipamendu fisikoki ere eragin handia dutela adirazi zuen. “Garrantzia dute eraikinek, nola antolatzen den fisikoki, baina, batez ere, bertan pasatzen denak eta zein motatako harremanak errazten diren. Sarbidea eta irteera erraza izatea. Ez irisgarritasun ikuspegitik bakarrik. Edonork jakitea zer egiten den hor, arauak dauden ala ez, ordutegiak… Ez diogu galdetzen gure buruari zergatik ekipamendu publiko batzuetan ez den kolektibo jakin bat sartzen”.