Oñatiko udala
Abiatzea
2023/03/29

Lanen abiatzea

Abiatu dira Emakumion Etxia Eraberritzeko lehenengo faseko lanak.
Card image cap

Gaur eman zaio hasiera Kale zaharreko 13. zenbakiko lanei. Emakumeen Etxea jasoko duen eraikinaren eraberritze lanak bi zatitan banatuko dira eta lehenengo fasekoak 2024 hasierarako amaituta egotea espero da. Lehenengo lanak amaituta, etxearen barne banaketa eta antolaketa burutuko da eta aldi horretarako lanen diseinua, parte-hartze prozesuaren laguntzarekin burutuko da.

Izan ere, urtarrilean egin zen "Bisitetik aukeretara" saioak eman zion amaiera aurreko faseari. Inguruko emakumeen etxeetara egindako bisitetan ikusitakoak partekatu zituzten bisitetan parte hartu duten emakumeek, bisitetara joaterik izan ez zutenekin. Inguruko ekimenak ezagutzeak, Oñatiko emakumeen etxeak eman ditzakeen aukera anitzen aurrean jarri gintuen.

Aukera horiek guztiak ezagututa, Oñatiko proiektuaren sustraiak errotzeari ekingo diogu orain. Apirila amaieran egitasmoa ardazten duten oinarri teorikoak adosteko saio bat egingo dugu. Maiatzean eta ekainean beste bi saio egingo dira, etxearen barne banaketa adosteko.

Parte-hartze prozesua online jarraitzeko aukera

Oñatiko Emakumion Etxia eraikitzen prozesua edonork jarraitu ahal izateko online ataria prestatu du Udalak. "Hasieratik adierazi genuen prozesu ireki bat izatea nahi genuela; nahi duen oro prozesuan sartu eta prozesutik irten daiteke, nahi duen momentuan. Sartu-irten horietan informaziorik ez galtzeko osatu dugu online tresna hau. Bertan aukera dago orain arte egindako bidea edonork ikusi ahal izateko, fase bakoitzean landutakoa eta adostutakoa berrikusi ahal izateko...", azaldu du Izaro Elorza alkate eta berdintasun zinegotziak. Prozesuaren baitan sortzen joan diren bideo, argazki eta edukiak bildu dira bertan.

"Tresna hori elikatzen joango gara prozesuak aurrera egin ahala, gure instagram sarearekin batera. Iruditzen zaigu gaur egun baliabide ezberdinak eskaini behar ditugula maila ezberdineko inplikazioa duten herritarrek prozesuaren jarraipena ahalik eta modu erosoenean egin ahal izateko eta horregatik edonorentzat erraza eta erakargarria izango den formatu bat bilatu dugu".

Online tresna horren bitartez, prozesu osoaren jarraipena egin daiteke. Telefono mugikorrarekin estekan sartu, eta bertan agertuko zaigun denbora-lerroan fase ezberdinetako edukiak ikusi ahal izango ditugu.

labur.eus/emakumionetxia

WhatsApp Image 2023-03-29 at 10.43.00 (1).png
WhatsApp Image 2023-03-29 at 10.43.01.png