Zubillaga-Oñati hiltegia hautagai da Landaola sarietarako
Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiten diete Landaola Federazioaren sariek. Aurten seigarren aldiz banatuko dira eta lau sari izango dira guztira: erakunde pribatuaren saria, erakunde publikoaren saria, emakumeak landa eremuan saria eta urteetako ibilbideari saria. Sari emate ekitaldia, ostiralean, martxoaren 3an egingo da Berastegiko udaletxean, 12:00etan hasita.
Zubillaga-Oñati hiltegia hautagai da erakunde publikoei zuzendutako sarirako, haragiaren balio katean hiltegi zerbitzua hobetzen egindako ahaleginagatik. Debagoiena eta Urola Garaiako 12 udalek osatzen dute hiltegia, Oñatikoa barne. Hiltegia zero sufrimenduko sakrifizio metodoa ezartzen hasi zen orain urte batzuk eta norabide horretan, animalien ongizatea bermatzeko inbertsioa egin zuen iaz, kamerak jarriz eta eremu oro monitorizatuz, animaliak lasai eta eroso daudela bermatzeko.
Erakunde publikoen kategorian izendatu diren beste bost proiektuak beste horrenbeste udalei dagozkie: Hondarribiako udalak babesten duen Bidez-Bide, landa-eremurako eskaripeko garraio-zerbitzua; Eibarko udalak azoka Errebal plazara aldatuz, kontsumitzaile eta produktoreen arteko harremana indartzea; Amezketako udalak, Ieraregibizkar errota zaharberritu eta Pello Zabala zentroa bertan kokatzea; Zumarragako udalak larunbateroko azoka indartzea eta Zarauzko udalaren, Merkatu plazaren eraberritzea.
Erakunde pribatuen kasuan aldiz, bost hautagai daude eta bat Debagoienean kokatzen da: Ereindajan Bergara, ikasbidaiko otarren proiektua eta Angiozarko eskolako jangelaren antolaketagatik. Besteak, Bordazar baserria, familia-erreleboagatik; Asier Lizarralde eta Ane Munin, Lizagasar Sagartokixa proiektuagatik, ERBEL, Erle Beltz Hazleen Elkartea; eta Ibarbi Errezil Sagarra Kooperatiba, elkarte izatetik kooperatiba izatera eraman duen ibilbideagatik.
Urteetako ibilbideari saria eta Emakumeak Landa Eremuan saria egunean bertan adieraziko dira. Landaola Federazioa osatzen duten Gipuzkoako sei landa garapen agentziek aukeratu dituzte hautagaiak. .
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!