Oñatiko udala

Zubikoako kantxa urdineko lanak eta Singular Dendak programa hizpide izango dira Tokiko Gobernu Batzarrean

2024/04/18
Card image cap
Auzo jaietako materiala gordetzeko Olaburun lokal bat erabiltzea ere aztertuko da

  Zubikoa kiroldegiko kantxa urdineko estalkia berritzeko asmoa du Udalak. Horretarako 319 mila euroko partida zehaztu zen iazko aurrekontuen likidazioa eginda, diruzaintza gerakina txertatzeko kreditu aldaketan. Orain lan horiek egiteko oinarriak onartu eta esleipen prozesua abian jartzea eskatuko zaio gobernu taldeari arratsaldeko bileran.

  Ez da gaurko bileran aztertuko den lan esleipen bakarra, Eltzia eraikineko jarduera proiektua idazteko kontratu txikia sinatzea ere proposatuko baita. Eltzia eraikinaren eta erabiltzaileen funtzionamendu eta segurtasun egokirako eta jardueraren erregularizaziorako beharrezkoa da egungo egoera ezagutu, jasotako informazioa aztertu eta jarduera proiektua idaztea, bereziki, okupazio, ebakuazio, suteen aurkako sistema eta irisgarritasunari dagokionean. Halako lana egiteko kontratu txikia sinatzea proposatuko da arratsaldean.

  Singular Dendak programari jarraipena ematea ere proposatuko da gaurko Tokiko Batzarrean. Programa hau gurean gauzatu dadin Udala eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioa lankidetzan ari dira, 2017az geroztik. Urte hauetan zehar Oñatiko 12 saltokik lortu dute Singular Dendak errekonozimendua, nahiz eta horietako bat egun itxita dagoen. Lankidetzari jarraipena ematea proposatuko da arratsaldeko bileran eta hala, herriko beste hiru komertzio atxiki ahal izango dira programara, Federazioko ordezkarien aholkularitza eta laguntza izango dutelarik Singular Dendak parametroetara egokitu eta aitortza jaso ahal izateko. Hainbat hilabetetan luzatzen den prozesua da.

  Zubillagan, Olaburu zentroan, udal-lokal bat auzo jaietako materiala gordetzeko erabiltzeko aukera ere eztabaidatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!