Zubikoako kantxa urdineko eta pilotalekuko argiteria bertatik bertara ikusteko bisita antolatu da astelehenerako
Ekainaren 12an amaituko da Zubikoako kantxa urdineko eta pilotalekuko argiak aldatu eta LED teknologiadunak instalatzeko prozedurara proposamenak aurkezteko epea. Berritu nahi diren instalazioak bertatik bertara ikusteko bisita antolatu da, astelehen goizerako. Bisita, 10:00etan izango da baina bertaratzeko asmoa duten enpresa ordezkariek hitzordua eskatu behar dute Zubikoa kiroldegiko telefono zenbakira deitu (943 716 375) eta Oskar Carrascal Kirol teknikariarekin berba eginda.
Zubikoa kiroldegiko kantxa urdina 140 argi estanko fluoreszentez argitzen da, egun, eta pilotalekua berriz, metalezko halogenurozko 42 argirekin. Argiak LED teknologiagatik aldatuta, energia-eraginkortasuna hobetu, kontsumoa eta kostua murriztu eta CO2 isurketak gutxitu nahi dira. Kantxa urdineko luminaria berriak egungoen antzera 9,15 metroko altueran kokatuko dira baina posizioa aldatuta, 63 luminaria jarriko dira, 7 ilara eta 9 zutabetan. 148 Wko 63 LED proiektagailu jartzea aurreikusten da. Pilotalekuan berriz, 330 Wko28 luminaria jarriko dira, bi ilaratan, 9 eta 9,5 metroko altueran. Matriala hornitu eta instalazio lanen lizitazio aurrekontua 133.526 eurotan finkatu du Udalak eta lanak egiteko 14 asteko gehienezko epea zehaztu du.
Instalazioak ikusi eta lanen balorazioa bertatik bertara egin nahi duten enpresa ordezkariei zuzenduta bisita antolatu da astelehenerako, ekainaren 10erako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!