Oñatiko udala

Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean eta pilotalekuan LED argiteria instalatzeko prozedura hasi du Udalak

2024/05/29
Card image cap
Egungo energia kontsumo handia murriztea da helburua

  Pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki zen zubikoako kantxa urdinean eta pilotalekuan argiak aldatu eta LED teknologiadunak jartzea. Zubikoa kiroldegiko kantxa urdina 140 argi estanko fluoreszentez argitzen da, egun, eta pilotalekua berriz, metalezko halogenurozko 42 argirekin. Ondorioz, bi instalazio horien energia kontsumoa oso handia da. Argiak LED teknologiagatik aldatuta, energia-eraginkortasuna hobetu, kontsumoa eta kostua murriztu eta CO2 isurketak gutxituko dira. Hala, argiztapen materiala eta LED teknologiako lanparak hornitu eta instalatzeko lanak esleipenera atera ditu Udalak.

  Argitaratu berri diren oinarrien arabera, kantxa urdineko luminaria berriak egungoen antzera 9,15 metroko altueran kokatuko dira baina posizioa aldatuta, hala, 63 luminaria jarriko dira, 7 ilara eta 9 zutabetan. 148 Wko 63 LED proiektagailu jartzea aurreikusten da. Pilotalekuan berriz, 330 Wko28 luminaria jarriko dira, bi ilaratan, 9 eta 9,5 metroko altueran.

  Matriala hornitu eta instalazio lanen lizitazio aurrekontua 133.526 eurotan finkatu du Udalak. Esleipenean parte hartuko duten enpresek gehienezko prezio horretatik behera dauden proposamenak aurkeztu beharko dituzte, jakinik, adjudikatze irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango dela, 70 puntu eskuratzeko aukera emango baitu. Obra gauzatzeko plan eta programa jasoko duen memoria teknikoa 20 puntuz baloratuko da eta berme epea luzatzea eta exekuzio epea murriztea, beste bosna puntuz. Lanak 14 astetan egitea aurreikusten da, baina enpresen araberakoa izango da, esan bezala, exekuzio epe hori murriztea.

  Halako lan espezifikoetan egin ohi denez, esleipenera aurkezten diren enpresei gaitasun teknikoa frogatzea eskatzen zaie, eta azken hiru urtetan egindako obren zerrenda aurkeztu behar dute, garrantzitsuenak ondo gauzatu izanaren ziurtagiriarekin batera.

  Zubikoa kiroldegiko kantxa urdinean eta pilotalekuan LED argiteria instalatzeko esleipen prozesura proposamenak aurkezteko epea ekainaren 12an amaitzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!