Oñatiko udala

Zozketa publikoz esleituko dira udalak Bidebarrietan alokairura atera dituen garaje plazak

2023/12/14
Card image cap
Garajeak ikusteko bisita antolatu da biharko, zozketa, astelehenean egingo da

  Urrian erabaki zuen udalak Bidebarrieta kaleko 24an dituen bost garaje plaza errentan ematea. Garajeak irekiak dira eta bostek neurri berbera dute, 30 metro karratu inguru. Bost herritarrek bete zuten alokairurako eskaera eta guztiek izango dute garajeak ikusi eta ezagutzeko aukera, bihar eguerdian. Hitzordua 12:00etan egin da garaje atarian, Bidebarrieta kaleko 24an. Era berean, zozketa publikorako eguna ere jakinarazi da, astelehenean, abenduaren 18an, 12:00etan, udaletxeko bigarren solairuan.

  Garaje plaza alokairuan hartzeko eskaera bideratu duten bost herritarrek betetzen dituzte udalak jarritako baldintzak, hau da, 18 urte beteta eta turismo erako ibilgailu baten jabe dira. Lauk ez dute garajerik baina batek bai nahiz eta beste auto bat gordetzeko erabiltzen duen. Ondorioz, lauk puntuazio berbera lortu dute eta euren artean zozkatuko da garaje plaza aukeratzeko hurrenkera. 1etik 4ra zenbakitutako lau txartel prestatuko dira eta horrela, 1 zenbakia ateratzen duenak aukeratuko du lehenengo, 2 zenbakia ateratzen duenak bigarren eta horrela, hurrenez hurren. Balorazioan puntuaziorik baxuena lortu duen bosgarren eskatzailea geratuko da azken plazarekin.

  Udalak bost urteko errenta kontratuak sinatuko ditu maizter berriekin eta hileko errenta 73 euro izango da. Errenta hau, KPI edo kontsumo prezioen indizearen arabera jasoko da urtero. Era berean, maizterrak, garajea hartu aurretik, bi hileko errentaren adinako dirutza ordaindu beharko du fidantza gisa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!