Oñatiko udala

Zinegotzi lana egoki betetzeko baldintza duinak eskatu ditu EAJk

2023/09/28
Card image cap
Bulego irisgarria, aholkulari laguntzailea eta lan batzordeak 4ra murriztea eskatu dio Amaia Erostarbek alkateari

  2023-27 legealdia hasi berritan hainbat elkarrizketa izan ditu Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak alkatearekin, lan-baldintzak duinak eta dinamikoak finkatzeko asmoz, EAJk kaleratu duen prentsa oharrean zehazten denez. Udaletxean bulego irisgarria izatea eskatu dute jeltzaleek, gobernu taldeak dituenak bezain irisgarriak, eta aholkulari lanak egingo dituen langile baten laguntza ere bai.

  EAJko udal ordezkariek, udaletxeko azken solairuan, eraikinaren teilatupean dute bulegoa, duela 12 urtetik. Bertara iristeko eskailerak igo behar dira eta ondorioz, irisgarria ez den eta herritarren eskura edo begi-bistan ez dagoen espazio txikia dela adierazi dute jeltzaleek. Oñatiarren ordezkari gisa, udaletxeko behe edo lehen solairuan lanerako espazio egoki bat izatea, zentzuzkoa deritzotela adierazi du Amaia Erostarbek. Udaletxean leku nahikorik ez dagoenaren erantzuna jaso ondoren, eskaera berretsi eta publikoki egitea erabaki dutela zehazten da jeltzaleen prentsa-oharrean.

  Era berean, aholkulari lanak egingo dituen behin-behineko langile baten laguntza jasotzea eskatu dio EAJk alkateari. EUDELek jasotako legeriaren arabera, udal-talde guztiei aitortzen zaie eskubide hori. Arrasateko adibidea aipatzen da jeltzaleen oharrean eta liberatutako zinegotziez gain (EH Bilduko 5 eta EAJko 1), behin-behineko langile bat aholkulari izendatu du alkateak EH Bilduren udal talderako. Oñatiko EAJk liberaziorik ez baina aholkularia jartzea eskatu dio alkateari, .EH Bilduk Arrasateko Udalean egin duen gauza bera; zinegotzi lanak egoki betetzeko eta oñatiarren interesak behar bezala ordezkatzeko baldintza duinak izatea funtsezkoa dela gogoraraziz.

  EUDELen gomendioari jarraituz baita ere, lan batzordeen kopurua murriztea eskatzen du EAJren udal taldeak. Oñatin eratu diren 15 lan batzordeak laura murriztea proposatu dute jeltzaleek: Antolaketa, Lurraldea, Herritarrak eta Ekonomia. Neurri honek Udalaren eraginkortasuna eta barne antolaketa hobetzea helburu duela diote jeltzaleek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!