Oñatiko udala

Zero Zabor astea Ekogunearekin batera egingo den “ontziratu zaitez” kanpainaz osatuko da aurten

2015/07/02
Card image cap
Helburua, ahalik eta hondakin gutxien sortzearen garrantziaz jabetzea da

  Birziklatu eta berrerabiltzearekin batera, ahalik eta hondakin gutxien sortzea da zero zabor filosofiaren oinarrizko printzipioa. Horri jarraituz antolatu da bihar abiaraziko den Zero zabor astearen egitaraua eta Ekogunea eta herriko hainbat merkatariekin batera gauzatuko den ontziratu zaitez kanpaina.

  Zero zabor astea, haur eta gaztetxoei begira hasiko da bihar, Patxin eta Potxin pailazoen Birziklatzea erraza da antzerkilanarekin. Garagardo festaren karpan izango da arratsaldeko 18.30tan. Larunbatean, Gasteizko Gardelegiko zabortegi tradizionala ezagutzeko irteera egingo da. Zabortegi tradizional batek nola funtzionatzen duen ikusteko aukera egongo da, bisitaldi gidatua eginez. Datorren ostegunean, Taped filma pantailaratuko da Kultur etxean. Dokumentalak, botilaratutako uraren industriak ingurumenean zein  eragin dituen azaltzen du.
Azkenik, hilaren 12an, Araotzeko zabortegia garbitzen jarraitzeko  auzolana antolatu da. Iaz egin zen lehen saioan 4 tona zabor atera zituzten. Auzolanaren ostean, bazkaria izango da Araotzeko saloian. Bai Gasteizko zabortegia ezagutzera joateko eta baita, uztailaren 12an Araotzen auzolanean aritzeko ere, aurrez izena ematea eskatzen da. Horretarako, udaletxera telefonoz deitu behar da, 943.780411 zenbakira edo mezua bidali behar da, nekazaritza@onati.eus helbide elektronikora.

  Zero zabor astea osatuz berriz, ontziratu zaitez kanpaina martxan jarriko da hilaren 13an. Kutxa Ekoguneak Udala eta herriko hainbat harategi eta arrandegirekin batera egingo duen kanpaina da. Helburua, hondakinak murriztu eta berrerabilpena sustatzea da. Arrandegietan eta harategietan papera eta plastikoaren erabilera gutxitzeko ontzi bereziak banatuko dira bi asteetan zehar, herritarrek okela edo arraina bertan eraman dezaten. Guztira 1500 ontzi banatuko dira kanpainarekin bat egin duten dendetan.

  Arraina edo okela erostera ontziarekin joateko ohitura barneratu dadin, halakoak daramatzaten bezeroei zozketa baterako txartela emango zaie. Hilero establezimendu bakoitzak, 30 euroko erosketa txartela zozkatuko du. Programan parte hartzen duten dendak, Fernandez eta Kresala arrandegiak, Antton, Garai eta Txantxiku harategiak eta BM eta Eroski supermerkatuak dira.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!