Oñatiko udala

Zerbitzuak eta Landa Garapen departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2023/04/18
Card image cap
Eguzki energia instalakuntzak egiteko laguntzak eman zituen Udalak iaz, besteak beste
67.100 euro banatuko dira sei laguntza lerrotan

  Sei dirulaguntza atalak hauek dira: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko, putzu septikoak garbitu eta instalatzeko, landa-auzoetako ermiten argindar kostua ordaintzeko eta baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua, nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen baitan berrikuntza teknologikora bideratutakoak eta belaunaldien arteko errelebora bideratutakoak jasotzen dira. Inbertsioak 40 urte baino gutxiagoko nekazari gazteek eginez gero gainera, laguntzak, %20ra arte handituko dira. Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Arkitekto eta ingeniarien ordain-sariak eta bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko gastuak ere. Eta lehen aipatu bezala, berrikuntza teknologikora bideratutako edota belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza gastuak. Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzetarako 22.700 euroko diru partida du Udalak aurten eta eskaera batek gehienez 4.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du.

  Bertako produktuak merkaturatzeko dirulaguntzen atalean, azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien dirulaguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak ere sartzen dira. Arlo honetarako 21.000 euroko partida du Udalak. Hirugarren laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Partidarik txikiena da, 700 eurokoa, hain zuzen. Laugarrena, putzu septikoak garbitu eta berriak egiteko gastuak arintzera zuzenduta dago eta udalak, putzu septikoa husteko eta instalazio berriaren kostuaren erdia diruz lagunduko du. 3.405 euroko partida berezitu da. Bosgarren laguntza lerroa, 2.270 eurokoa, auzoetako ermitetan egiten den argindarraren kostua ordaintzeko da. Ermitak Gotzaitegiaren ardurapean egonik ere, argindarra auzotarren izenean dagoenean edo auzotarrek ordaintzen dutenean, udalaren dirulaguntza eskatu ahal izango du auzo alkateak.

  Azkenik, baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak daude. Baso sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko helburuarekin eraikitako baso bideen kargua arintzea da laguntzaren xedea. Pista berriak egitea ez da diruz lagunduko, ezta aurreko 5 urteetan dirulaguntzaren bat jaso duten bideen mantentze lanak ere. Aurtengo deialdian 2022an eta 2023an egindako lanetarako dirulaguntzak eskatu daitezke. Eman, berriz, baso azaleraren arabera emango dira, gastuaren % 30 eta % 80 artean estaliz, baina gehienera, 3.000 euroko topearekin, onuradun bakoitzari eta urteko. Guztira, baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko 17.025 euroko partida berezitu du Udalak.

  Aipatutako sei dirulaguntzetatik lautan, eskaera abenduaren 31ra bitartean egin beharko da udal bulegoetan. Bertako produktuak azokara eramateagatik jasotzen diren dirulaguntzak, hiru hilabetetik behin ordaintzen dira eta ekoizleek ere hiru hilabetetik behin egin behar dute eskaera. Nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko dirulaguntzak berriz, 2024ko urtarrilaren 31ra arte eskatu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!