Zenbait neraberen ekintza arriskutsuekin arduratuta daude udaltzainak
Hilerri ondoko biribilgunetik herrigunera, unibertsitate etorbidera, doan errepidean, kristal zatiak eta harri handiak daudela jakinaraziz hainbat dei jaso dituzte udaltzainek eta ertzainek, azken asteotan. Dei gehienak lineako autobus gidariek egin dituzte, errepidean geldiarazita, ibilgailuentzat arriskutsu izan daitezken oztopo-objektuak daudela jakinarazten dute.
Halakoak uda inguruan gertatzen hasi baziren ere, jai ostean, asteburutan errepikatzen ari direla adierazi digu udaltzainburuak. Jakin badakite, gainera, 12-14 urteko gaztetxoen ekintza direla. Lekuko batzuen testigantzari esker, nerabe horietako batzuk identifikatu eta gurasoekin berba egin ahal izan dute, baina oharra zabalduta, halako adineko seme-alabak dituzten gurasoengana heldu nahi dute. Istripurik eragin aurretik eta inork min hartu aurretik, halako ekintza arriskutsuak desagerrarazi nahi dira. Horregatik, guraso eta herritarren lankidetza eskatzen da; gurasoena, seme-alabekin berba egin dezaten, eta herritarrena, halako gertaeren lekuko badira, udaltzaingoan abisua lehenbailehen eman dezaten.
Unibertsitate etorbidean ez ezik, Bidebarrieta etxalde inguruan ere arazoak gertatzen ari dira nerabe gaztetxoekin, udaltzainburuak adierazi duenez. Saihesbide aldera dauden etxeen atzealdera joaten ei dira, zarataka, eta graffitiak eta pintadak egiten dituzte, beheko solairuetako bizilagunak molestatzen, bereziki. Halako jarrera zakarra salatuz ere hainbat dei jaso dituzte udaltzaingoan. Gertaera hauei aurre egin ahal izateko, guraso eta herritarren laguntza eskatu da.
Gaztetxo hauen jarrerak oso kezkatuta dauzka udaltzainak eta hezitzaileekin eta gizarte zerbitzuetako arduradunekin harremanetan jarri dira, denon artean, nola jokatu eta zein neurri hartu erabakitzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!