Oñatiko udala

Zazpi auzo-bide konpondu eta hobetuko dira aurtengo kanpaina

2024/11/12
Card image cap
Lanak esleipenerako proposamenak aurkezteko epea, azaroaren 18an itxiko da

  Auzo-alkateen foroan eztabaidatzen dira auzotarrak kezkatzen dituzten gaiak, auzoetan gauzatuko diren egitasmoak eta konpondu beharreko bideak, besteak beste. Auzo eta baserri-bideen egoeraren berri ematen da foroan eta, premiaren arabera, konpondu beharrekoen plangintza zehazten da. Ekainaren 18an egin zen auzo-alkateen foroan eztabaidatu eta adostu zen aurtengo kanpainan zein auzo-bide konponduko diren.

  Landa eremuko zazpi bidetan hainbat lan egitea aurreikusten da; konponketa lanak seitan egingo dira eta hobekuntza lanak zazpigarrenean. Koixkar, Torretxebarri-Lizargarate, Etxatxo-Santue, Askontegi, Gesaltza eta Arantzazurako igoeran, zorua asfaltatzeko lanak egingo dira, bideen zati bakarrean edo hainbatetan, eta tartean, ertzak ziurtatzeko profilak ere sartuko dira. Araotzen berriz, Araozko bide nagusitik Maña auzora dagoen sarbideko kurba hobetzeko lanak egingo dira, kurba zabalduko da eta honi eusten dion horma luzatuko da, zati batean horma berria eginez. Kasu guztietan, Injelan enpresak idatzitako exekuzio proiektua oinarri hartuko da lanak egiterakoan.

  Injelanen dokumentuan zehaztutakoa gogoan, lanen esleipenerako gehienezko aurrekontua 251.723 euro da eta sei hilabeteko epean burutu beharko dira. Lanak esleitzerakoan eskaintza ekonomikoa bereziki baloratuko da, puntuazio osoaren %75a izango da, baina epeak laburtu eta exekuzio proiektua hobetzea ere kontutan hartuko dira. Datorren astelehenean, azaroaren 18an amaituko da proposamenak aurkezteko epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!