Oñatiko udala

Zaporeak elkartearentzat janari bilketa egingo du Hotz Oñatik datorren astean

2023/09/26
Card image cap
Informazioa eman eta bilketan laguntzeko boluntarioak behar dira

  Hotz Oñati taldearen urteroko elkartasun kanpaina urriaren 5, 6 eta 7an egingo da herriko janari dendatan: Eroski Center eta Errekaldeko Eroski City-n, Errekaldeko dendan, BM-n eta San Migel Kooperatiban. Materiala uzteko orga edo karroak jarriko dira dendetan baina informazioa eman eta bilketan laguntzeko boluntarioak behar dira. Lau orduko txandak antolatu dira, 9:00etatik 13:00etara, 13:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 21:00etara baina beste ordutegi bat beteaz laguntzeko prest dauden guztiak ongi-etorriak izango direla adierazi dute Hotz Oñatiko ordezkariek. Parte hartzeko gertu daudenei taldearekin harremanetan jartzea eskatu da, zuzenean, posta elektronikoz mezua hotzonati@gmail.com helbidera bidalita edo telefonoz: 665 722 999, 636 170 650 edo 623 265 292 zenbakira deituz.

  Urriaren 5, 6 eta 7ko janari bilketan jasotzen den guztia Zaporeak GKEra bideratuko da, Lesbosen duen sukaldean erabili dezaten. Zaporeak elkarteak 2.000 otordu kuzinatu eta banatzen ditu egunero Greziako Lesbos uharteko kanpamentuan harrapatuta dauden pertsona errefuxiatuen artean.

  Iraungitze data luzea duten elikagaiak jaso asmo dira: pasta, arroza, lekaleak, olioa, barratxo energetikoak, arrain, barazki eta lekale kontserbak, beti ere, txerrikirik ez dutenak. Janari bilketarako prestatu diren karteletan taldearen kontu korrontea ere zehazten da, laguntza diruz eman nahi dutenentzat, produktu gehiago erosi edo garraio gastuetarako.

  Urtero egin ohi du Hotz Oñati taldeak Zaporeak GKEaren aldeko material bilketa. Iaz, esaterako, 6.600 kilo elikagai eta higiene produktu batu zituen. Aurtengo kanpaina, herriko jaixak pasatu berritan egingo du, datorren astean bertan. Orain baina, laguntzeko boluntarioak behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!