Zaporeak elkartearentzat janari bilketa egingo du Hotz Oñatik urriaren 17tik 19ra
Hotz Oñati taldearen urteroko elkartasun kanpaina urriaren 17, 18 eta 19an egingo da herriko janari dendatan: Eroski Center eta Errekaldeko Eroski City-n, Errekaldeko dendan, BM-n eta San Migel Kooperatiban. Materiala uzteko orga edo karroak jarriko dira dendetan baina informazioa eman eta bilketan laguntzeko boluntarioak behar dira. Lau orduko txandak antolatu dira, 9:00etatik 13:00etara, 13:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 21:00etara baina beste ordutegi bat beteaz laguntzeko prest dauden guztiak ongi-etorriak izango direla adierazi dute Hotz Oñatiko ordezkariek. Parte hartzeko gertu daudenei taldearekin harremanetan jartzea eskatu da, zuzenean, edo posta elektronikoz mezua hotzonati@gmail.com helbidera mezua bidalita.
Urriaren 17, 18 eta 19ko janari bilketan jasotzen den guztia Zaporeak GKEra bideratuko da, Lesbosen duen sukaldean erabili dezaten. Zaporeak elkarteak 2.000 otordu kuzinatu eta banatzen ditu egunero Greziako Lesbos uharteko kanpamentuan harrapatuta dauden pertsona errefuxiatuen artean.
Iraungitze data luzea duten elikagaiak jaso asmo dira: pasta, arroza, lekaleak, olioa, barrao energetikoak, arrain, barazki eta lekale kontserbak, beti ere, txerrikirik ez dutenak. Janari bilketarako prestatu diren karteletan taldearen kontu korrontea ere zehazten da, laguntza diruz eman nahi dutenentzat, produktu gehiago erosi edo garraio gastuetarako.
Urtero, udazken aldera, egin ohi du Hotz Oñati taldeak Zaporeak GKEaren aldeko material bilketa. Iaz, esaterako, 6.500 kilo elikagai batu zituen. Aurtengo kanpaina, urri erdialdean, 17tik 19ra egingo da baina aurretik, laguntzeko prest dauden boluntarioak behar dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!