Oñatiko udala

Zaharberritze lanak egingo dira tren lokomotoran

2024/11/13
Card image cap
(Arg: Santi Mendiola)
Apurtutako txapak konpondu edo ordezkatuko dira, lehen fasean

  Vasco-Navarro trenaren 11. lurrun-lokomotoraren egoera okertzen ari dela ikusita, esku-hartzea erabaki du Udalak, hondatze prozesua geldiarazi dezaketen elementuetan eragingo da. Horretarako Juanjo Olaizola adituarengana jo zen eta Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak zaharberritzeari ekiteko lanen baldintza teknikoak zehaztu zituen. Vasco-Navarro trenbidearen Euskadiko tartea babes bereziko kultura ondare izendatu denez, Foru Aldundiaren ondare departamentuaren baimena eskatu da lanak egin ahal izateko.

  Lehen faseari dagozkion lanak lokomotoraren egitura metalikoan egingo dira, apurtutako txapak konpondu edo ordezkatuz. Konkretuki, gidariaren kabinaren zatiak berraztertuko dira; ikaztegiko zatiak, ur biltegiak, domoko eta hareako azala eta ke-kaxaren zatiak, tapa eta tximinia, konponduko dira eta ur biltegiaren hondo edo barrena, hareategiko hodiak eta kabinaren zorua berregingo dira. Era berean, zur matxinbratuzko estalki berria egingo da eta gidatzeko kabina muntatuko da. Herreria Mitxel enpresak egingo ditu lanak, 18.000 eurotan.

  Postetxe ondoko lurrun-lokomotoran egingo diren zaharberritze lanak datorren astean hastea espero da. Bigarren fasean, lokomotora margotzea aurreikusten da, jatorrian zituen kolore beltza eta gorria mantenduz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!