Oñatiko udala

Zabalik dago SALTO udalekuetan izena emateko epea

2022/02/05
Card image cap
Udaleku ibiltaria izango da eta ekainaren 27tik uztailaren 3ra egingo da

  Bostgarren urtez antolatu du UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekua. Partaidetza aldetik berrikuntza nabaria dakar eta helburua, inoiz baino gazte gehiagok parte hartzea da. Hala, 50 laguneko bi talde osatuko dira eta bakoitza leku ezberdin batetik abiatuko da, baina azken egunetarako guztiek bat egingo dute.

  Salto! udalekua ibiltaria izango da aurten eta ekainaren 27tik uztailaren 3ra egingo da. 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira, bat Tolosatik eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

  14-18 urte arteko 100 gaztek parte hartuko dute Salto! udalekuetan. Kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea, eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko. Udalekuaren prezioa 95 euro da eta izen-ematea zabalik dago, martxoaren 31ra arte. Informazio gehiagorako www.uema.eus atarira edo 943 816 699 telefonora jo daiteke. Izena emateko ere telefono zenbaki horretara deitu daiteke edo mezua bidali honako helbidera, asnarguneak@uema.eus.

  Era berean, topaketetarako, begiraleak eta sukaldariak behar dira, eta horiek hautatzeko prozedura ere abiarazi du UEMAk. Topaketetan begirale edo sukaldari izan nahi dutenek martxoaren 4a baino lehen bidali beharko dute curriculuma, lehen emandako helbidera: asnarguneak@uema.eus. Begirale titulua izatea, EGA edo baliokidea den titulua, hizkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izan edo burutzen egotea, antzerako lanetan lan eskarmentua, euskararekiko sentsibilizazio eta taldean lan egiteko erraztasuna baloratu egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!