Oñatiko udala

Zabalik dago Jabetze Eskolako negu-udaberriko ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea

2024/01/09
Card image cap
Iraupen eta gai ezberdinen inguruko 9 tailer antolatu dira, urtarriletik maiatzera

  Emakumeentzako jabetze eskolaren bigarren lauhilabetekoan parte hartzeko izen-ematea hilaren 21ean amaituko da. Urtarriletik maiatzera antolatu diren tailer eta ikastaroak, aurkezpen, erakusketa eta solasaldi batez osatuko dira.

  Emakumeen adinera lotutako etapa ezberdinak gogoan hartuta, amatasunaz eta menopausiaz sei orduko tailerrak programatu dira. Hala, otsailaren 20 eta martxoaren 5 eta 12an, Amatasuna 360º tailerra antolatu da. Menopausiarekin bueltaka zikloa bi ikastaroz osatuko da: Klimateriotik menopausiara: teoriatik gorputzera, apirilean, eta Menopausia eta elikadura, maiatzean.

  Kolektibo bereziei zuzenduta, Banandutako emakumeentzako osatze eta ahalduntze tailerra egingo da eta migratu duten emakumeentzat, berriz, Migrazio dolua ikastaroa. Gainera, Arrazakeriaren aurkako genealogia feministak aztertzen jarraituko da eta Angela Davisen pentsamendua lantzeko aukera izango da eta Gure bizi energia hobetzen: Chi Kung, autoestima eta ahalduntzea, Atsoen errana da… ipuinak emakumeon jabetze tresna eta Plazerra, desioa eta jolasa ikastaroak egingo dira.

  Programazioa borobiltzeko, otsailaren 14tik 28ra Oñatiko emakume mojen izaera, bizimodua eta ekarpena ikuspegi feministatik lana aurkeztu eta honen inguruko erakusketa osatuko da. Herriko mojen izaera eta bizimodua Selma Huxley Barkham ikerketa bekaren baitan aztertu da. Otsailaren 21ean, bestalde, Depresioari buruzko solasaldia egingo da, Depresioa eta bere errekuperazioa. Begirada soziokultural eta feminista bat izenburupean.

  Jabetze eskolaren baitan negu-udaberrirako antolatu diren ekintzak liburuxka batean jaso ziren. Iazko urte amaieran banatu zen liburuxkaren atzealdean izena emateko orria dago. Hori bete eta udaletxeko HAZ bulegoan utzita eman daiteke izena edo udaleko web atarian sartu eta zintzilikatu den formularioa beteta ere bai. Urtarrilaren 21a arte luzatuko da izen-emate epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!