Oñatiko udala

Zabalik dago garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea

2023/02/22
Card image cap
Ginea Konakryn udalaren dirulaguntzaz eraikitzen ari diren eskola
Lau laguntza lerro biltzen dira deialdian, helburu, eskaera eta laguntza zuritzeko epe eta diru poltsa berezituekin

  Lau laguntza lerro biltzen dira ostiralean argitaratu zen deialdian: hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak eta ekintza edo ekimen puntualetarako dirulaguntzak, Oñatin heziketa eta sentsibilizazio jarduerak egiteko laguntzak eta larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako dirulaguntzak.

  Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak garatzeko laguntzetara 79.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak. Beste 30.000 euro gorde dira berriz, lankidetzatzako ekintza edo ekimen puntualetarako. Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko, eskatzailearen egoitza nagusia edo legalki osatutako ordezkaritza Oñatin egon behar da eta tokian tokiko bestaldeko erakunde edo kide bat, hau da, koparte erakunde bat izan beharko da. Gainera, eskatzaileak irabazi asmorik gabeko izaera juridikodun erakundea dela egiaztatu beharko du eta lankidetza alorrean eskarmentua baduela erakutsi beharko du, azken bi urteetan egindako jardueren memoria aurkeztuta. Eskaerak, udalak hartarako prestatu dituen inprimaki ofiziala beteaz aurkeztu behar dira, martxoaren 19ra bitartean. 10.000 eurotik gorako kostua duten ekintza puntualak egitasmo estrategiko moduan aurkeztu beharko dira. Gehienezko laguntza mugatuta dago kasu guztietan; ekintza puntualetarako 7.500 euro eta proiektu estrategikoak garatzeko 15.000 euro. Jasotako dirulaguntza zuritzeko epea ere ezberdina da bi kasu hauetan: proiektu estrategikoen laguntza lerroan 2024ko martxoaren 31a izango da azken eguna eta ekintza puntualen kasuan, 2023ko azaroaren 30a.

  Aurtengo azaroko azken eguna izango da baita ere, sentsibilizazio ekintzetarako nahiz larrialdi kasuetarako dirulaguntzak zuritzeko epemuga. Oñatin eraldaketa sozialerako heziketa eta sentsibilizazio jarduerak egiteko 9.500 euroko partida du Udalak aurten eta horiek eskatzeko azken eguna abuztuaren 31a da. Garapen bidean diren herrialdeekiko eta hango herritarrekiko elkartasuna eta kontzientzia Oñatin sustatzea da dirulaguntza lerro honen helburua.

  Azkenik, larrialdiko edota laguntza humanitarioko egitasmoak finantzatzeko dirulaguntzetara 18.000 euro bideratuko dira. Ez usteko larrialdiak noiznahi gertatu daitezkeenez, eskaerak egiteko epea zabalik izango da azaroren 1a arte. Larrialdirako laguntzez ari garelarik zera ulertu behar dugu, gerra auzi edota bestelako hondamendi batek eragindako pertsonen biziraupena bermatu edota hauen sufrimendua arintzeko premiazko eta berehala burutu beharreko egitasmoetara bideratutako laguntzak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!