Oñatiko udala

Zabalik da Olakuako bosgarren faseko irisgarritasun lanen esleipen prozesua

2024/04/18
Card image cap
Ur saneamendu eta hornidura sarea berritzeko probestuko da

  Olakua auzoaren irisgarritasun lanekin jarraitzen du Oñatiko Udalak. Aurten, bosgarren faseari dagozkion lanak egitea aurreikusten du, hau da, Olakua 13-14-15 zenbakidun eraikinek osatzen duten plazatxoa eta inguruak egokitzea aurreikusten da. Espaloiak eta oinezkoendako bideen segurtasuna hobetuko dira, oztopo arkitektonikoak kendu eta beste egokitzapen batzuk eginez. Irisgarritasun lanak probestuko dira, bestalde, ur saneamendu eta hornidura sarea berritzeko. Lan hauek Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu baina prozeduran txertatu dira eta kontratu berean esleituko dira, dagokion kostua, Gipuzkoako Urak enpresari fakturatuko zaiolarik.

  Oinarrian, espaloiak eta plazarako sarbide eskailerak berritu eta egokituko dira, irisgarritasun neurriak bete daitezen, beti ere, Olakuako beste gune batzuetan jarri den zoladura eredua jarraituz. Ibilgailuentzako oztopo bolardoak jarriko dira, halakoen beharra ikusten denean, eta baranda eta heldulekuak jarriko dira, bereziki eskailera lekuetan. A2B Arquitectos enpresak osatutako proiektua jarraituz, gainera, Olakua 13-14-15 etxe inguruak eraberritzeaz gain, 10D zenbaki inguruko oinezkoen pasabideak ere egokituko dira. Eta aurrez, Olakua 1-2 eta 3 zenbakien inguruetan egin bezala, eskuhartze guneko ur saneamendu eta hornidura sarea ere berritu egingo da.

  Lanek 362 mila euroko aurrekontu orokorra dute eta horietatik ia 16 mila euro ur sarea berritzeko lanei dagozkie. Lanak 6 hilabeteko epean egin beharko direla zehaztu da esleipenerako oinarrietan. Proposamenak aurkezteko epea asteazkenean, apirilaren 24an amaituko da eta esleipen prozedura beteta, lanak ekaina inguruan hasi litezkeela aurreikusten dute udal arduradunek.

  Enpresen eskaintza ekonomikoak izango du pisu handiena lanak esleitzerakoan, 100 puntuko baremazio orokorrean 75 lortzeko bidea emango baitu. Obra gauzatzeko memoria teknikoak 20 puntu eta berme epea luzatzeak beste 5 emango ditu.

  Herri irisgarri bat, inklusibo bat, eraikitzeko lanean jarraitzeko helburuan kokatu du Hirigintza zinegotzi Iñigo Ruizek Olakuako irisgarritasun proiektuaren 5. fasea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!