Oñatiko udala

XVII. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali dira

2024/11/11
Card image cap
2023ko irabazleak (Arg: Goiena)
Izena emateko epea azaroaren 29an amaituko da

  Herriko dendari eta zerbitzuetako arduradunei gaur bertan bidali zaizkie Oñatiko erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen idatziak; oinarriak, sariak eta epeak zehazten dira eta izen-emate orria ere atxiki dira. Lehiaketan herriko denda eta zerbitzu guztiek parte hartu dezakete baina izen-emate orria bete eta udal erregistroan aurkeztu behar da. Horretarako azken eguna azaroaren 29a izango da. Parte-hartzaile guztiek 50 euroko dirulaguntza jasoko dute.

  Eskaparateak dendaren ohiko produktuak erabiliz apaindu beharko dira, abenduaren 9rako eta hala mantendu beharko dira urte amaierara arte. Arloan adituak diren pertsonek osatuko dute epaimahai teknikoa eta erakusleihoen konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna baloratuko dute. Herritarren eta Haurren Sariak ere izango dira aurten, eta bozka gehien jasotzen dituzten erakusleihoek jasoko dituzte.

  Herritarren Sarirako bozka internet bidez izango da, abenduko Kontzejupetik aldizkarian, udalaren web atarian eta partehartzaileen erakusleihoetan jarriko diren QR kodeen bidez. Haurren sarirako berriz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrek bozkatu ahal izango dute, datorren hileko Kontzejupetik aldizkarian argitaratuko den orria bete eta ludotekan edo Gaztelekuan jarriko diren hautestontzietan utziz. Abenduaren 18ko 14:00etan amaituko da bozka emateko epea. Parte hartzen duten haur eta nagusien artean 100 euroko erosketa bono bana zozkatuko da.

  1.800 euro banatuko dira saritan: 500, 300 eta 200 euro, lehenengo, bigarren eta hirugarren saria irabazten dutenentzako, hurrenez hurren, eta 500 euro Herritarren Saria eskuratzen duenarentzako, 300 euro, Haurren Sarirako. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 19an egingo da, goizean zehar, eta eguerdian, dendak itxitakoan, mokadutxo bat jatera gonbidatuko dira partaide guztiak.

  Iazko lehiaketan 25 dendek parte hartu zuten eta Andrea Azkoaga Interioristak irabazi zuen lehenengo saria; bigarrena, Barue indteriorismoak erraman zuen eta hirugarrena, Oreka Reforma e Interiorismok. Herritarren saria Kimu-Urtxin lora dendak jaso zuen eta Haurren Saria Trikitx paper eta jostailu dendak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!