Oñatiko udala

XV. Oñatiko laburmetraien rallyan parte hartzeko izen-ematea ireki da

2024/11/11
Card image cap
Larunbatean izango da eta 20 talde onartuko dira, gehienez

  Bost egunera mugatu du OLRko antolakuntzak aurtengo izen-ematea; gaur hasi eta ostiralera bitartean luzatuko da, azaroaren 16an, larunbatarekin jokatuko den Oñatiko laburmetraien rallyrako izan-ematea. 20 taldek parte hartu ahal izango dute, eta talde bakoitza, gehienez, 10 lagunez osatuko da. Hain zuzen ere, taldekideen kopurua adieraziz, taldearen eta arduradunaren izenak, eta arduradunaren telefonoa eta helbide elektronikoa jakinaraziz, mezua bidali behar da olr.antolakuntza@gmail.com-era. Partaideen gutxieneko adina 15 urte da eta adin txikikoek gurasoek sinatutako baimen orria aurkeztu beharko dute.

  XV. laburmetraien rallya larunbatean izango da, 8:00tatik 19:00etara. 11 ordu horietan taldeek, gehienez, 3 minutuko ikus-entzunezkoak osatu beharko dituzte, antolakuntzak emandako genero edo gaia landuz eta 10 tokietako bitan grabatutako irudiak azalduz. Lanek euskara hutsean sortutakoak izan beharko dute bai ahozkoa eta baita idatzizkoa ere. Lanak adin guztietarako izan beharko direla ere jaso da oinarrietan.

  Lehiaketari buruzko argibideak 8:00tan emango zaizkie partaideei, Santa Ana aretoan, eta lanak ere bertan entregatu beharko dira, 17:00 eta 19:00 bitartean. Beranduago aurkezten direnak ez dira sarietarako kontuan hartuko nahiz eta proiektatu-proiektatuko diren, taldekideek kontrakorik adierazten ez badute. Laburmetraien emanaldia eta sari banaketa ekitaldia Santa Ana aretoan egingo da baina streaming bidez ere emango da OLR youtube kanalaren bidez, 22:00etan. Proiekziorako sarrerak, larunbatean bertan, 11:00etan banatuko dira, Santa Ana antzokian. Pertsona bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez.

  Sei sari banatuko dira laburmetraien rallyan: epaimahaiak hiru emango ditu, publikoaren eta antolatzaileen sariak ere izango dira eta interpretazio onenaren saria ere bai.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!