Oñatiko udala

XV. Koben eguna ospatuko da asteburuan

2025/03/11
Card image cap
Lurpea elkarteko zortzi kobazuloetan bisita, promozio eta sari bereziak izango dira

  Kobek balio historiko eta natural garrantzitsua dute eta ondare geologiko-paleontologiko hori ezagutaraztea da Kobazuloen egunaren helburua, Karrantzan egin zen aurkezpenean azaldu zutenez. Lurpea elkarteko 8 kobetan eskaintza berezia antolatu dute, martxoaren 15 eta 16an. Oñatin, Arrikrutzen, familian egiteko bi ekintza izango dira larunbatean, eta sarrerak erdi prezioan igandean. Larunbatean, Espeleotxiki bisita egin ahal izango dute 6 urtetik gorako haurrek, 10:30etan, eta Ilunpeko altxorrak ekintza, 15:00etatik aurrera, 3 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzenduta. Asteburuko ekintza eta bisitetarako erreserba egitea gomendatzen da.

  Lurpea elkartea Euskal Herriko zortzi kobek osatzen dute: Arrikrutz-Oñatiko kobak; Ekainberrik; Isturitz-Oxozelhaya kobak, Astizko Mendukilo kobak, Pozalaguako kobak, Sarako leizeak, Zugarramurdiko Sorginen kobak eta Urdazubiko leizeak. Guztietan izango da ekintza berezirik asteburuan. Gainera, bertaratzen diren bisitari guztien artean sariak banatuko dira zozketaz: Euskal Herriko koba guztiak bisitatzeko bi sarrera eta bi gaueko asteburuko egonaldia, gosaria barne, Karrantza Haraneko Alma de Romero hotelean.

  Karrantzan egin zen aurtengo Koben egunaren aurkezpena, ostegun eguerdian. Ekitaldia probestu zen Javier Moreno espeleologoari eta bere lantaldeari Lurpea 2025 saria emateko. Iaz, Arantza Aranburu geologoak jaso zuen. 

  Lurpea elkartea 2008an sortu zen euskal lurreko kobak elkartzeko helburuarekin. Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!