Oñatiko udala

XII. Garagardo festa uztailaren 12tik 15era egingo da

2018/04/23
Card image cap
Karpa plaza ondoko jolasgunean kokatuko da, ohikoa denez

  Aloña Mendi elkartea hasi da  XII. garagardo festa antolatzen. Azken orduko aldaketarik ez badago, XII. garagardo festa uztaileko hirugarren  asteburuan, 12tik 15era egingo da. Oraindik hiru hilabete falta diren arren, horrelako festa handiak muntaia berezia eskatzen du eta garaiz ibili behar izaten da. Are eta gehiago, jaia, hiru egun eta erdikoa denean eta erdigunean kokatu nahi denean. Garagardo feria ostegunarekin etorriko den uztailaren 12an ireki eta domekara arte luzatuko da eta karpa plaza ondoko jolaslekuan jarriko da, ohikoa denez.

  Aloña Mendik karpa plazako jolasgunean muntatzeko baimena ez ezik, hainbat udal material erabili ahal izatea eskatu du: mahaiak, aulkiak eta Gaztelekuko soinu ekipoa, esaterako. Egun batetik bestera materiala gorde ahal izateko Gaztelekuko instalazioak erabili ahal izatea ere eskatu du. Materiala uzteari buruzko eskaerak onartu dira, ez ordea, Gaztelekua erabiltzearena. Uztailean udalekuak martxan izango direnez Gaztelekuko biltegia ezin izango dela erabili erantzun du gobernu taldeak. Komunak jarri beharra ere ezpimarratu da udalaren erabakian, hau da, gizonezko eta emakumeentzako jarri eta kendu ohi diren komunak jarri beharko direla ekintzak dirauen bitartean. Eta bide batez, karpak izango duen ixte ordutegia ere finkatu du udalak: lehenengo eta azken egunean, gaueko ordu batak arte eta tarteko ostiral eta zapatuan, ordu biak arte izango da. Udal baimenak eskutan, garagardo festak eskatzen dituen beste azpiegitura eta hornidura kontuak lotu beharko dituzte orain Aloña Mendiko arduradunek.

  Aloña Mendik antolatutako garagardo jai honek bi helburu nagusi izan ditu hasieratik: kirol elkarteko sail ezberdinen arteko elkar lana batetik, eta diru premiei aurre egin ahal izateko finantzabide izatea bestetik. Gaur egun dena den, elkartearen barne batasun horrek hartu du garrantzia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!