Oñatiko udala

Xabier Lete poeta eta kantaria ardatz hartuta ARTHITZ jardunaldiak egingo dira bihar Gandiaga Topagunean

2016/10/14
Card image cap
Poesia, kantua, hitza, dantza eta irudia uztartuko dira egun osoko egitarauan

  Bigarren urtez egingo den ARTHITZ egitarauak arte adierazpen ezberdinak bilduko ditu Gandiaga Topagunean . Lourdes Otaegi, Alex Gurrutxaga, Antton Valverde, Anjel Lertxundi, Bedatse Liliak, Karlos Linazasoro, Joxan  Goikoetxea, Susana Cencillo, Hilario Rodeiro, Marije Ugalde, Bergarako musika eskolako haurren abesbatza eta Koldobika Jauregi Arantzazura hurbilduko dira bihar. Bost ekintza antolatu dira eta artistak, binaka, hirunaka parte hartuko dute. Baina saio guztietan Xabier Lete izango da oinarria.

  11.00etan Izarren hauts hondarrak: Xabier Lete Ikertuz izenburupean, Lourdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak hitzaldia egingo dute. 12.30tan, Antton Valverdek eta Anjel Lertxundik Izarren hautsa haizatuz izeneko mintzaldi musikatua eskainiko dute. 17.00etan, Zuberoako Bedatse Liliak taldeak Ahaire delizius huntan dantza ikuskizuna eskainiko du. Eguraldi ona iragarri da eta hala egiten badu, emanaldia, basilika ondoan izango da. 18.30tan, Xabier Lete sariaren lehen irabazlea izan zen Karlos Linazasorok Poeta naizenez gero poesia emanaldia eskainiko du Joxan Goikoetxea musikaria lagun duelarik. Eta amaitzeko, 20.00tan, Uholde handia: arkaren istorio bat musikadun performancea eskainiko dute Susana Cencillok, Hilario Rodeirok, Marije Ugaldek, Bergarako musika eskolako haur abesbatzak eta Koldobika Jauregik.

  Arratsaldeko dantza emanaldia izan ezik, gainontzekoak Gandiaga Topagunean eskainiko dira eta sarrera doan izango da guztietan. Lekua bete arte beraz, sartzeko aukera izango da.

  ARTHITZ Hatsetik hotsera bigarren arte topaketa hau Mikel Laboa Katedrak, Ur Mara Museoak eta Arantzazu Gaur Fundazioak elkarlanean antolatu dute.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!