Mankomunitateko lehendakari orde izendatu dute Xabier Igartua
Ohar bidez azaldu dute garaiko erronkei erantzuteko zuzendaritza lantaldea eratu dela Debagoienako mankomunitatean. Lidergo eta gobernantza eredu berrien aldeko hautua egin dela dio idatziak. Eredu kooperatibo baten alde lerrokatu da mankomunitatearen gobernu taldea, oharrean aipatzen denez, eta herri txiki zein handien ordezkaritza orekatua bermatzeko apustua egin dela zehazten da. Hala islatu da Debagoieneko mankomunitatearen ardura postuetan.
Osatu berri den gobernu batzarrean, Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkatea izendatu da mankomunitateko lehendakari eta Xabier Igartua oñatiarra lehendakariorde. Horiez gain, Garazi Etxeberria arrasatearra Ingurumen batzordeko buru izango da, Angel Mari Etxabe atxabaltarra Garapen agentziakoa eta Gorka Artola bergararra Ogasunekoa. Guztiak, EH Bilduko ordezkariak dira.
Hasi berri den legealdi honetan ere, gobernantza eredu berri baten alde lanean jardungo dutela adierazi dute mankomunitateko gobernu juntatik. Elkarlana azpimarratu dute, Debagoienak behar duen jauzia herritar, gizarte eragile zein enpresekin egin ahal izateko. Egungo erronkei aurre egiteko hiru lan ildotan oinarrituko den eskualde mailako estrategia integrala garatzeko asmoa azaldu dute. Ongizatea, trantsizio ekologikoa eta sozioekonomia dira aipatu hiru lan ildoak.
Udalen arteko lankidetzan sakontzeko asmoa adierazi dute eta horretarako Mankomunitateak eskaintzen dituen baliabideak optimizatuko dituztela gaineratu dute.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!