Oñatiko udala

Workshop denboraldi berria hasi da Nazioarteko Lege Soziologia Institutuan

2016/04/07
Card image cap
17 mintegi zientifiko egingo dira eta lehena gaur bertan hasi da

  2015-2016 master ikastaroari dagozkion eskola presentzialak amaituta, lan bilera edo workshop denboraldia hasi da Unibertsitate Zaharrean. Guztira, 17 mintegi zientifiko egingo dira datozen aste eta hilabeteetan. Landuko diren gaiak berriz, oso bariatuak: giza trafikoa eta bereziki haurren trafikoaz eztabaidatuko da, genero indarkeria kasuetan justizia zuzentzailea zertan den, sistema judizialaren egoera edota espetxeen egoera aztertuko da, besteak beste. Gainera, COMPEDI, Brasilgo zuzenbide arloko profesionalen Kontseilu Nazionalaren urteko batzarra, hemen, Oñatin, Lege Soziologia Institutuan egingo da maiatzaren 16tik 18ra.

  Gaur goizean bertan, denboraldiko lehen mintegia hasi da Unibertsitate Zaharrean. Latinoamerika eta Karibeko lege soziologia, egungo eztabaidak eta etorkizuneko asmoak izeneko lan bilera bihar arratsaldera arte luzatuko da.
Izenburuak ondo adierazten duen bezala, Latinoamerikan eta Karibe eskualdean lege soziologiak gaur egun duen egoera aztertu eta etorkizunerako aurre ikuspenak eztabaidatuko dira. Horretarako, Argentina, Brasil, Kolonbia, Mexiko, Portugal, Puerto Rico eta estatutik etorritako 18 aditu bildu dira Unibertsitate zaharrean. Lehen mintegi honetan lege soziologiaren gaia ikuspegi ezberdinetatik jorratuko da: teoria eta metodologia, irakaskuntza eta etorkizuneko agenda eztabaidatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!