Uztailaren 23ko hauteskundeetarako mitin eta propagandarako lekuak zehaztu ditu Udalak
Maiatzaren 30ean argitaratu zen uztailaren 23ko hauteskunde orokorretarako deialdia Estatuko Boletin Ofizialean. Diputatuen Kongresua eta Senatua berritzeko errege dekretuaren argitalpenak hauteskunde egutegia abiarazi du. Udal mailan hasi dira jada lehen erabakiak hartu eta hauteskunde batzordeari jakinarazten.
Atzo argitaratu ziren uztailaren 7tik 21era luzatuko den hauteskunde kanpainari dagozkion mitinetarako eta propagandarako lekuak. Plaza ondoko eta Zubikoako pilotalekuak, Kultur etxeko eta Santa Anako aretoak, Udaletxeko areto nagusia eta Foruen enparantza erabili ahal izango dira, egutegi eta ordutegi jakin baten barruan eta eskaera aurrez eginda. Hauteskunde kanpainako kartelak eta pankartak jartzeko lekuak ere ohikoak dira: Kultur etxeko lorategiko burdinsarea, Bidaurretako fraideen ortuko burdinsarea, Port kalean Galartza etxeko burdinsarea eta Lazarraga kaleko Garai finkako lorategiko burdinsarea. Udalak, hamarna panel kokatuko ditu leku bakoitzean alderdiek kartelak itsatsi ditzaten.
Azken udal eta foru hauteskundeetan bezala 15 hauteskunde mahai egokituko dira herrian uztailaren 23an eta horien ardura izango duten presidente, bokal eta ordezkoak izendatzeko zozketa, datorren ostegunean, ekainaren 22an egin asmo da. Eguna oraindik ez da guztiz ziurra, baina hala proposatuko zaio larunbatean aukeratuko den alkateari.
Baina oraindik ez dakigu Kongresu eta Senaturako zein hautagaitza aurkeztuko diren Gipuzkoan, lehen zerrendak asteazkenean, ekainaren 21ean argitaratuko baitira. Eta bitartean, herritar asko ari dira posta bidezko botoa tramitatzen. Uda betean, batzuentzat oporraldi betean egingo diren hauteskundeak izaki, askok bozka postaz emateko hautua egin dute eta Oñatiko postetxean lanez gainezka ei daude. Langile berriak kontratatu dituzte pilatutako lanari eta plantillako langileen oporrei aurre egin ahal izateko. Posta bidezko botoa uztailaren 13ra arte eskatu liteke estatuko edozein postetxetan. Braille bozka eskatzeko azken eguna berriz, ekainaren 26a izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!