Oñatiko udala

Usakorako bidegorria eta hartu beharreko lursailak hizpide izango dira gaurko Osoko Bilkuran

2024/11/28
Card image cap
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren eta Euskararen egunaren inguruko adierazpenak proposatuko dira

  Usako aisialdi eremura iristeko bidegorri adarra egokitzeko proiektua behin betiko onartzea, onura publikotzat deklaratu eta hau gauzatzeko beharrezkoak diren lursailak okupatzeko nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta desjabetzeak ukituko dituen ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartzea proposatuko zaie udalbatza osatzen duten kideei arratsaldeko bileran. Gogoratu, Usakoko bidegorri adar berria Torreuzoko zubitik Mutueta edo Zuazola ingururaino egitea aurreikusten dela baina, lehen fasean, Exibai eta Usako baserrien arteko pareraino egingo litzatekela. Lehen metrotan errepidearen eskuma aldetik, Elazarraga baserriaren aldetik bideratzea aurreikusten da, eta Chinchurreta pasata, errepidea zeharkatu eta ezkerraldetik jarraituko du, Exibai baserria pasatu arte. Horrela, Etxe Haundi jatetxea eta Chinchurreta lantegirako joan-etorriak sor ditzaketen arriskua murriztu nahi da. Proiektuak 3 titularrenak diren 7 lursail ukitzen ditu, guztira, 928 metro karratu.

  Arratsaldeko bileran, Udalak eskuratuko dituen ondasun horien jabeekin adostu diren prezio edo balio justuaren berri ere emango da. Horretarako, hartuko diren lursailen izaera kontutan hartu da, bideak diren eta harrizko horma edo bestelako muga elementu duten eta landatutako terrenoak diren eta zein landare mota duten; horienarabera, balorea ezberdina baita. Guztira, 20.330 euro ordaintzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran.

  Baina Usakora egingo den bidegorri adarrarekin erlazionatutako bi gai horiezaz gain, alokairu kontratu eskaera batzuk eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuari zuzendutako dirulaguntza hitzarmena aztertuko dira. Bi adierazpen instituzional onartzea ere proposatuko da: azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, bata, eta abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, bestea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!