Oñatiko udala

Usakorako bidegorria egokitzeko lanak esleipenera atera ditu Udalak

2024/12/16
Card image cap
10 hilabeteko epea eta 812 mila euroko aurrekontua zehaztu da oinarrietan

  Usakoko bidegorri adar berria GI-3593 errepidearen trazatuari jarraituz, Torreuzoko zubitik Mutueta edo Zuazola ingururaino egitea aurreikusten da baina, lehen fasean, Exibai eta Usako baserrien arteko pareraino egingo dira. Fase hau da esleipenera atera dena. Girder enpresaren proiektuaren arabera, bidegorria, lehen metrotan, errepidearen eskuma aldetik, Elazarraga baserriaren aldetik bideratuko da eta Chinchurreta pasata, errepidea zeharkatu eta ezkerraldetik joango da, Exibai baserria pasatu arte. Horrela, Etxe Haundi jatetxea eta Chinchurreta lantegirako joan-etorriak sor ditzaketen arriskua murriztu nahi da. Proiektua gauzatzeko, 3 partikularren 7 lursail eskuratu behar izan ditu Udalak, 928 metro karratu.

  Torreauzoko zubitik Usako aisialdi eremura arteko bidegorria egokitzeko lanak egiteko 10 hilabeteko epea zehaztu du Udalak, eta 812.596 euroko aurrekontua finkatu du. Prozesura aurkezten diren enpresek kopuru horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu beharko dute. Horrezaz gain, nahikoa gaitasun teknikoa dutela egiaztatu beharko dute, azken bost urteetan egindako obren zerrendaren bidez. Enpresa berriek, obrak egiteko, zer makina, material eta teknikari-talde edukiko dituzten zehaztu beharko dute.

  Lanak esleitzeko orduan, eskaintza ekonomikoa izango da irizpide nagusia eta gehienezko 100 puntutik 75 eskuratzeko aukera emango du. Exekuzio proiektuak izan ditzakeen gabeziak edo akatsak antzeman eta soluzio aukera ezberdinak proposatzea 10 puntuz baloratuko da eta gainontzeko 15ak, kontratua burutzeko ezarritako epeari egokitutako plangintza eta trafikoan eta auzotarrengan ahalik eta eragin gutxien izateko neurrien arabera banatuko dira.

  Usakoko bidegorria egiteko lanen esleipena abiatzeko erabakia ostegunean hartu zuen gobernu taldeak eta hurrengo egunean jasa prozesua abiatu zen, iragarkia, udalaren web atariko Kontratatzailearen profilean argitaratuta. Interesa duten enpresek urtarrilaren 17ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko.

  Usako aisialdi eremura arteko bidegorria egokitzeko proiektua Europako Next Generation dirulaguntzaz finantzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!