Usakon bainatzeko debekatua luzatu dute, gaurko kontra-analitikaren zain
Pentsatzekoa zen, asteburuko euri zaparrada gogorrek Usakoko uraren kalitatean eragingo zutela eta halaxe gertatu da. Atzo hartu zuten ur-laginaren emaitzak txarrak izan dira berriro eta ondorioz, pasa den asteartean jarri zen bainu debekua luzatu da. Osasun publikoko teknikoek gaur ur-lagin berriak hartzea espero dute udal arduradunek eta kontra-analitika horren zain, bainua hartzeko debekuak bere horretan jarraituko du. Pasa den astean jarri ziren kartelak mantenduko dira eta arratsaldean doan sorosleak ere bainua debekatuta dagoela jakinaraziko die bertaratzen direnei.
Bitartean, freskatzeko beste instalazio batzuen erabilera nabarmen handitu da azken astean. Eltzia aurrealdeko ur txorroten parkea eta Zubikoa igerilekua topera daude, bereziki arratsaldez. Gogoratu ur parkea egunero irekitzen dela 11:00etatik 21:00etara eta Zubikoa kiroldegian ere udako ordutegia indarrean dela, ekainaren 15az geroztik. Horrek esanahi du, uztailaren 31ra arte egunero irekitzen dela, astelehenetik ostiralera 7:30etatik 21:00etara, ohikoa denez, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 9:00etatik 20:00ak arte. Abuztuan berriz, astelehenetik larunbatera 10.00etatik 20:00etara irekiko dira kiroldegiko instalazioak, igerilekua eta gainontzekoak, baina igandetan itxita egongo da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!