Usakoko bidegorriaren proiektuak ukitzen dituen ondasunak eta titularren zerrenda argitaratu da, gaur
Girder enpresak Usako presara bidegorria eraikitzeko exekuzio proiektua osatu du. Usakoko bidegorri adar berria Torreuzoko zubitik Mutueta edo Zuazola ingururaino egitea aurreikusten da baina, lehen fasean, Exibai eta Usako baserrien arteko pareraino egingo litzateke, aisialdi gunerako oinezko pasabidea pare horretan baitago. Bigarren fasea, aurrerago egingo litzateke.
Pasa den astean egin zen iraileko Osoko Bilkuran onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu den iragarkiak, lehen faseari dagozkion erabakiak biltzen ditu, bost puntutan:
- Lehenengoa, Usako presara bidegorria eraikitzeko exekuzio proiektua onartzea
- Bigarrena, obraren exekuzioa beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jo eta onura publikokoa deklaratzea, desjabetze ondorioetarako.
- Hirugarrena, beharrezkoak diren ondasun eta eskubideen eta horien titularren zerrenda onartu eta argitaratzea, ondasun horiekiko eskubideren bat duela uste duen beste interesdunik balego, dagokion alegazioa egin dezan.
- Laugarrena, erabaki hau pertsonalki jakinaraztea zuzenean ukitzen dituen pertsonei, desjabetze espedienteari egoki deritzoten alegazioak egin ditzaten
- Bosgarren eta azkena, desjabetu beharreko ondasunen eta haien titularren zerrenda publiko egitea, alegazioetarako 15 egun balioduneko epeari hasiera emanez.
Bidegorri berria, San Prudentzio eta Oñati elkar lotzen dituen bidegorri nagusiaren adar moduan proposatzen da; lehen metrotan errepidearen eskuma aldetik, Elazarraga baserriaren aldetik bideratzea aurreikusten da, eta Chinchurreta pasata, errepidea zeharkatu eta ezkerraldetik jarraituko du, Exibai baserria pasatu arte. Horrela, Etxe Haundi jatetxea eta Chinchurreta lantegirako joan-etorriak sor ditzaketen arriskua murriztu nahi da.
Desjabetze espedientea hasiera batetan onartu eta argitaratu ondoren, lurjabeekin adostasunera iristeko tramiteak beteko dira, hurrengo pausoa, lanak lizitaziora ateratzea izango delarik. Proiektuak 3 titularrenak diren 7 lursail ukitzen ditu, guztira, 928 metro karratu. Lurjabeekin harremanetan dago Udala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!