Usako paisaia lehengoratzeko proiektuak, bidesarean, landaretzan eta atseden-gunea naturalizatzean eragingo du
Turismo jasangarrirako Next Generation funtsetatik iritsi ziren dirulaguntzetako bat da Usako paisaia lehengoratzeko proiektura zuzenduko dena, 130.000 euro, hain zuzen. Izarraizpe lorezaintza SLLk landu duen egitasmoak, maila ezberdineko esku-hartzeak biltzen ditu.
Usako paisaia lehengoratzeko proiektu honen baitan, aisialdi gunera doazen bidezidorren azpiegiturak hobetuko dira, ibilbide seguruagoak bihurtuz. Bidezidorren zorua konpondu eta todo-uno trinkotua botako da; Zuazolako zubitik dagoen bidean, urak hartuko dira, egun sortzen diren putzuak saihesteko, eta erreka bazterrean egurrezko babes hesiak jarriko dira. Garagaltzatik doan bidean, berriz, babes sarea aldatuko da eta aisialdi gunerako tornu biratzailea aldatuko da eta Exibai baserri ondotik dagoen bidezidorra zuzenduko da, Usako-Muñoa partzela eskuratuta. Inguru honetan zuhaitz berriak landatuko dira, beste gune batzuetan bezala. Landare basati eta inbaditzaileak kenduko dira. Era berean, atseden gunea naturalizatuko da, eta besteak beste, komunaren etxola alertze egurraz estaliko da, inguruan hobeto integratuz.
Aisialdi gunean mahaiak eta jesarlekuak jartzeko aukera ere planteatu zen baina baztertu egin zuten.
100.000 euroko aurrekontua du Usako lehengoratzeko proiektuak eta udarako lanak bukatuta egotea da aurreikuspena. Paraleloan joango dira, bestalde, Torreauzotik Usako sarreraraino joango den bidegorriaren lanak; hori ere udarako bukatuta egotea nahiko lukete.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!