Oñatiko udala

Usako-Muñoa partzela erosiko du Udalak, Usako aisia eremuko paisaia leheneratzeko egitasmoaren baitan

2024/10/30
Card image cap
Usako-Muñoa lursaila berde argiz agertzen da
Aho batez onartu zen erosketa azken Osoko Bilkuran

  Usako aisia eremuko paisaia leheneratzeko txostenean jaso zen Usako-Muñoa deritzon lursaila erostearen komenigarritasuna, izan ere, bainu gunera iristeko dauden bide-sarreretako bat hobetzeko aukera ematen du. Exibai baserritik Usako bainu gunera doan bidezidorrak errekaz bestalde egun duen bihurgunea saihestuko da aipatu lursaila eskuratuta. Dagokion balorazio ekonomikoa eginda, lursaila erostea proposatu zen osteguneko Osoko Bilkuran eta udalbatzaren erabateko adostasunez onartu zen. Usako-Muñoa partzelak 4.000 m2 inguru ditu eta Usako bainu gunearen gainaldeko belardia osatzen duen lursailetako bat da.

  Europar Batasunaren Next Generation funtsak finantzatutako suspertze, transformazio eta erresilientzia planaren esparruan Usako presaren aisialdi-eremuko paisaia leheneratzeko proiektua garatzeko dirulaguntza dauka Udalak. Izarraitzpe S.L enpresari eskatu zitzaion egitasmoa zehaztea eta horren araberako esku-hartzeetako bat da Usako-Muñoa partzela erosi eta Udalak kudeatzen dituen lursailetara batzea. Usako inguruan aisialdirako espazio iraunkor bat garatu eta trantsizio berdearen eta ingurumenaren kontserbazioaren printzipioekin bat datorren interbentzio orokorra da Usako presaren paisaia lehengoratzeko proiektuan aurreikusten dena.

Iturri: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!