Oñatiko udala

Usako inguruko paisaia lehengoratzea eta herrigune eta Usako arteko bidegorriaren proiektuak idazteko lanak abian dira

2024/05/15
Card image cap
Europar Batasunaren Next Generation funtsez finantzatuko dira bi egitasmoak

  Usako presaren aisialdi-eremuko paisaia leheneratzeko proiektua da aurreratuen dagoena, hartarako kontratatu zen enpresak asteak baitaramatza lanean. Usako bainu-gunearen inguruan hainbat esku-hartze egin dira urteetan, irisgarritasunaren eta erosotasunaren alde. Esku-hartze guztiak ordea, ez dira modurik egokienean egin eta inguruaren landa eta natura nortasuna bermatze aldera paisaia leheneratzeko neurriak hartuko dira. Usako presaren aisialdi-eremuko jatorrizko paisaia berreskuratzeko proiektua egiteko Izarraitzpe lorezaintza SLL enpresa kontratu du Udalak, 6.005 eurotan.

  Hiru aurrekontu eskatu ziren eta proposamen merkeena egin zuen Izarraitzpe lorezaintza enpresak. Lanean ari dira jada eta maiatza amaierarako aurkeztea espero da. Proposatzen dituen esku-hartzeen premien arabera gauzatzen joango dira, 2024 eta 2025 urteen artean. Usako presaren aisialdi-eremuaren paisaia lehenagotzeko 200.000 eurok dirulaguntza jaso da Europatik.

  Usakoraino iristeko bidegorria egokitzeko exekuzio proiektua idazten hasi da Girder enpresa, bestalde. Exekuzio proiektua idatzi ez ezik obrak zuzentzeko zerbitzua kontratatu du Udalak Donostiako ingeniaritza enpresarekin.
San Prudentzio-Oñati bidegorritik abiatuta, Torreauzoko zubitik hain zuzen, bidegorriaren adar berri bat proiektatu beharko da, Urrexolara doan GI-3593 errepidearen trazadurari jarraituz, eta Zuazolako zubiraino iritsiko delarik. Exibai eta Usako baserrien artean, landalur katastroko bi partzeletan aparkalekua egokitzeko lanak jasoko ditu proiektuak. Oinarri gisa hartuko da Injelan enpresak 2020an egindako azterlana. Exekuzio proiektuak, gainera, Exibai eta Usako baserrien artean dagoen sarbidearen azterketa jaso beharko du eranskin moduan. Azterketa horrek egungo zubia aldatu eta zabalagoa egiteko aukera jasoko du, irisgarritasuna bermatze aldera. Trazatuaren aldaera ezberdinak jasotzen dituen dokumentua idatzi beharko da, planoak eta aurrekontua zehaztuz, ingurumen zein okupazio aldetik eragin gutxien izan dezaken trazadura erabakitzeko helburuz. Udal baliabide ekonomikoak mugatuak direla kontuan izanda, exekuzio proiektua bi fasetan banatzeko aukera jaso da, Torreauzoko zubitik Usakora arte izango litzateke fase bat eta Usako
ingurutik Mutueta edo Zuazolako zubiraino, bigarrena.

  Hiru enpresa aurkeztu ziren Udalak deitutako prozesura eta herritik Usakora iristeko bidegorria egokitzeko exekuzio proiektua idatzi eta, ondoren, lanen zuzendaritza egiteko kontratua Girder enpresari esleitu zaio, prozesuan puntuaziorik altuena eskuratuta. Udalaren aurrekontua 9.200 eurotan merkatuta lana 29.800 eurotan egingo du, BEZa kanpo. Ekainaren 30erako exekuzio proiektua idatzita presentatu beharko du, baina kontratuaren iraupen orokorra 12 hilabetekoa da. Horrek esanahi du, epe horren barruan egin beharko direla bidegorria egokitzeko lanak. Next Generation funtsetatik 569.000 euro bideratu dira bidegorria egokitzeko lanetarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!