Oñatiko udala

Usako eta ur txorroetako bainu denboraldia bihar hasiko da

2024/06/14
Card image cap
Usakon kartela jarriko du Udalak, kutsadura bakteriologiko maila ez dela bermatzen jakinaraziz

  Hiru hilabetez luzatuko da bainu denboraldia Usakon eta Ur uhinak parkean, ekainaren 15etik irailaren 15era. Baina errekako uraren zaintza, lehenago hasi da eta datozen asteetan mantenduko da. Hainbat urteren ondoren, NAYADE erregistrotik kanpo dago Usako eta Udala arduratzen ari da, berriro, bertako uren kalitatearen kontrol eta analisiez. Negu-udaberri partean ere hainbat proba egin dira baina emaitza txarrak egon direnean ezin izan da infekzio punturik detektatu. Horregatik kartela jarriko da, kutsadura bakteriologiko maila ez dela bermatzen jakinaraziz.

  Azken urteetan errepide ondoko belardi bat aprobetxatuz egokitu den aparkalekua ere prest egongo da, bihartik aurrera, Usakon. Ondorioz, errepidean aparkatzea zigortu egingo dute udaltzain eta ertzainek. Herribusa, birritan iritsiko da Usakora, astelehenetik ostiralera, arratsaldetan. Bizikletak, poltsak eta bestelako ondasunak zaintzapean mantentzeko gomendio ere egin du udaltzaingoak, urtero, lapurretak salatzen baitira. Eta zaindu, putzua bera ere zaindu eta garbitu dute urpekariek. Aparteko hondakinik ez dute atera baina uraren korronteak eraginda tente jarri eta arriskutsu izan daitezken hainba adar eta alanbre zati atera dituzte. Uraren kalitate ona adierazten duen karramarrorik ez ei dute ikusi aurten, baina ez daudenik esatera ez dira ausartu.

  Inguruak gertu daude, belarra moztu, soroslearen kabina garbitu eta ur hornidura sarea puntuan jarri da, bihar bainu denboraldiari hasiera emateko. Sorosle zerbitzua, 15:00etatik 21:00etara beteko da eta 16:00etatik 20:00etara bi sorosle egongo dira.

  Eltzia aurrealdeko ur parkean ere dena prest dago, berez garbitzen den komun berria orain egun batzuk jarri zen martxan, ur zirkuitua ere ondo dagoela ziurtatu da eta bihartik aurrera ur txorrotan erabilgarri egongo dira, 11:00etatik 21:00ak arte, egunero, irailaren 15era arte.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!