Oñatiko udala

Usako aisialdi gunerainoko bidegorria hizpide izango da gaurko Osoko Bilkuran

2024/09/26
Card image cap
Bidegorria egokitzeko proiektua onura publikotzat deklaratu eta ukituko dituen ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea proposatuko da

  14 puntuko lan zerrenda osatu da arratsaldeko Osoko Bilkurarako baina bereziki aipagarria da Usakoraino egin asmo den bidegorriaren gaia. Bidegorri berria, San Prudentzio eta Oñati elkar lotzen dituen bidegorri nagusiaren adar moduan proposatzen da, bereziki udan Usakora doazenen segurtasuna hobetzeko, baina urte osoan zehar bertatik paseoan ibiltzen diren herritarrak ere gogoan hartuta. Hala planteatu zuen Udalak egitasmoa Next Generation dirulaguntzetara aurkeztu zuenean, eta hala egin asmo da.

  Usakoko bidegorri adar berria Torreuzoko zubitik Mutueta edo Zuazola ingururaino egitea aurreikusten da baina, oraingoz, eta lehen fasean, Exibai eta Usako baserrien arteko pareraino egingo litzateke, aisialdi gunerako oinezko pasabidea pare horretan baitago. Bigarren fasea, aurrerago egingo litzateke.

  Girder enpresak osatu du Usakoko bidegorri adarra eraikitzeko exekuzio proiektua eta hori onartzea proposatuko da arratsaldeko bilkuran, obra exekutatzea beharrezkoa dela deklaratzearekin batera. Horren ondorioz, proiektuak ukitzen dituen lursailak desjabetzeko aukera legoke eta aipatu ondasunen eta titularren zerrenda onartzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran.

  Diru kontuak ere hizpide izango dira, Herri Eguneko nekazal erakusketak diruz laguntzeko eskaera edo Olaso Dorrea fundazioari Naziometroa egitasmoa gauzatzeko urtero eman ohi zaion dirulaguntza aztergai izango baitira. Bestalde, Gure Bazterrak elkarteak ikazkintzaren inguruan urtebetez burutu duen proiekturako onartu zen dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzea proposatuko zaie udalbatzako kideei.

  Osoko bilkura 18:30etan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!