Oñatiko udala

Usako aisialdi guneko paisaia lehengoratzeko lanak esleipenera atera dira

2025/02/07
Card image cap
Hainbat esku-hartze aurreikusten dira, bide-sarean, landaretzan eta atseden-gunean, ingurua naturalizatzeko helburuz

  Izarraizpe lorezaintza enpresak osatu zuen proiektua oinarri hartuta egingo dira Usako aisialdi guneko paisaia lehengoratzeko lanok. Maila ezberdineko esku-hartzeak biltzen dira eta aisialdi gunean ez ezik, bertara iristeko bide sarean ere eragingo da. 

  Usakora doazen bidezidorren azpiegiturak hobetuko dira, ibilbide seguruagoak bihurtuz. Bidezidorren zorua konpondu eta todo-uno trinkotua botako da; Zuazolako zubitik dagoen bidean, urak hartuko dira, egun sortzen diren putzuak saihesteko, eta erreka bazterrean egurrezko babes hesiak jarriko dira. Garagaltzatik doan bidean, berriz, babes sarea aldatuko da eta aisialdi gunerako tornu biratzailea aldatuko da eta Exibai baserri ondotik dagoen bidezidorra zuzenduko da, Udalak Usako-Muñoa partzela eskuratu ondoren. Inguru honetan zuhaitz berriak landatuko dira, beste gune batzuetan bezala. Landare basati eta inbaditzaileak kenduko dira. Era berean, atseden gunea naturalizatuko da, eta besteak beste, komunaren etxola alertze egurraz estaliko da, egun sortzen duten inpaktua leundu eta inguruan hobeto integratuz. 

  Lanetarako zehaztu den lizitazio aurrekontua 89.943,82 euro da. Eskaintza ekonomikoa da esleipenerako irizpide nagusia, puntuazio orokorrean %90eko pisua izango baitu; berme epea luzatzea, berriz, 10 puntuz baloratuko da, gehienera.
Usako aisialdi guneko paisaia lehengoratzeko lanak egiteko interesa duten enpresek otsailaren 18ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Lanok, turismo jasangarrirako Next Generation funtsetatik iritsi ziren dirulaguntzekin finantzatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!