Urteko egutegia finkatu du Oñatiko Odol Emaileen elkarteak
2024 urtean 11 odol ateraldi programatu ditu herriko emaileen elkarteak eta egutegian finkatu ditu. Ondo bidean, abuztuan izan ezik, gainontzeko hilabeteetan odola emateko aukera izango da Enpresagintza fakultatean.
Ohikoa bihurtu da odola emateko hitzordua eskatzea; emaileari eskaintzen zaion arreta hobetu nahi da horrela, jende pilaketak eta asko luzatu daitezkeen itxaron aldiak saihestuz. Odol emateak programatuta dauden aste horretan bertan, asteazken edo ostegunez, gonbidapen mezuak bidali ohi zaizkie odol emaileei whats app edo posta elektroniko bidez, ordua eskatu eta odola ematera animatuz. Baina gonbidapena jaso gabe ere odola eman daiteke, egunean bertan elkartearen telefonora deitu (943 007884) eta hitzordua hartuz. Horrela, egunean izango den odol-emate kopurua aurrez jakiten da eta ez da apenas itxaron behar, garai batean sortzen ziren ilarak saihestuz.
2024ko Oñatiko egutegian hileko bigarren edo hirugarren ostiralak dira gakoa; ekainean eta uztailean bigarren ostiralean izango da odola emateko aukera, gainontzekoetan, hirugarren ostiralean. Donostiatik propio etortzen den mediku eta erizain taldea Enpresagintza fakultatera hurbilduko da aurrez zehaztutako egunetan. Eta odola emateko aukera izango da arratsaldeko 16:30tatik 20:00tara.
2024ko lehenengo ateraldiak datorren astean, urtarrilaren 19an izango dira. Urteko lehen hitzordu horretan odola 25, 40, 50 edo gehiagotan eman duten hainbat herritar omenduko dira. 18 urte baino gehiago duen edonor izan daiteke odol emaile, baldin eta 50 kg baino gehiago izan eta osasun ona badu. Odola eman aurretik medikuaren kontrola pasa behar da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!